FeNOMENOA zen petakoen makinetan jolasten. Zenbat ordu egin zenituzten gaztetan elkarrekin tabernetako makinetan, txandaka, bola bat bakoitzak. Gaur ere tabernan aurkitu duzu, ukondoak barraren gainean, goizeko kafea hartu bitartean egunkaria irakurtzen. Ahotsagatik ezagutu duzu, zerbitzariari esne hotza eskatu dionean. Bestela ez zenukeen ezagutuko, hainbeste aldatu da azken hogei urte hauetan?

Hartaz eta honetaz hitz egin duzue, zuen bizitzen errepasoa eginez, eta halako batean, egunkaria eskelen orrialdean irekita duela ikusi duzu. Orrialdeari begiratu diozula konturatu denean, egunero "bizitzaren kiniela" ikustea gustatzen zaiola aitortu dizu: goizero eskelei begiradatxo bat botatzeak bizitza beste ikuspuntu batetik ikusten laguntzen diola esan dizu.

Zure harridura aurpegia ikusita, argitu nahi izan dizu ez dagoela heriotzarekin obsesionatuta. Egunean behin bakarrik izaten du buruan, hain justu goizeko "kiniela" ikusten duenean. Hortik aurrera, borrokan pentsatzen duela, borrokatzean. Izan ere, adierazi dizunez, zerbaitegatik borrokatu beharrak ematen dio zentzua bizitzari: familia bat aurrera atera-tzeagatik, lanpostu bat lortzeagatik, maite duzun pertsona zurekin egoteagatik? Distira berezi bat nabaritu diozu begietan hitz egin bitartean.

Egunkaria itxi eta bere kafea eta zurea ordaindu ondoren, eskua zure sorbaldatik pasatu du eta joan egin da. Ondo ikusi duzu aspaldiko laguna. Ilusionatuta. Borrokatzeko gogoarekin.

Barra gainean utzi duen egunkaria hartu duzu esku artean. Ireki eta eskelen orrialdera heldu zarenean, zure atzean dagoen petakoen makinak zarata egin du, hemen nago esanez bezala. Makinari begiratu eta pentsatu duzu egunero eskelei begiratzeak benetan laguntzen duela bizitza beste ikuspuntu batetik ikusten, lagunak esan dizun bezala. Izan ere, oraintxe bertan konturatu zara extra ball bat eskaini dizuela bizitzak. Beste egun bat.