Artaldea
urteak betetzen joan ahala gero eta gehiago esaten dugun esaldi bat: niri jada berdin zait zer esaten eta zer pentsa-tzen duen jendeak. Behin adin batera helduta, iruditzen zaigu gazteago ginen denboran baino askatasun gehiago dugula erabakiak hartzeko edo ez gaudela hain baldin-tzatuta besteek pentsatzen dutenagatik. Eta egia da heldutasunak askatasun handiagoa ematen dizula nahi duzuna egiteko besteen iritzien zain egon barik, baina hala eta guztiz ere, batzuetan ahaztu egiten dugu zein neurrira arte garen gizaki sozialak, zein neurrira arte garen artaldeko kide, eta nola baldintzatzen gaituen taldeak. Agian irudituko zaigu berdin zaigula zer esaten duten, baina ingurura ondo begiratuz gero, konturatuko gara taldearen indarra beregana-tzen duena hobeto bizi dela, zoriontsuago eta erosoago. Taldearen maitasuna lortzen duenak osasun hobea duela eta animo handiagoa bizitzari aurre egiteko. Hau da, inguruak eragin handia duela gure bizitzeko moduan.
Artikulu honek domeketako sermoi baten antza hartzeko arriskuarekin, esango nuke maitasuna dela bizitza gogor honen aurrean pertsona batek eduki dezakeen salbamendu-jaka eraginkorrena. Maitatua sentitzen denak bakarrik eman baitezake onena. Eta alderantziz, gero eta argiago dut zitalkeriatan ibiltzen dena beti izaten dela ingurukoen maitasuna bereganatu ez duen pertsona bat, maitasun eta estimu falta duena. Hau da, gaiztakeria beti sortzen dela afektibitate gabezia batetik. Maitasun falta batetik.
Jendeak zer pentsatzen duen berdin zaigula esaten dugu behin adin batera helduta, baina ez dakit jarrera hau ez ote den haserrealdi baten ondorio, besteengandik nahi genuena jaso ez izateagatik, gure iri-tziz merezi genuena ez eskuratzeagatik. Ingurukoak gure alde sentituko bagenitu, haiek pentsatzen dutena balio handikoa irudituko litzaigukela, alegia.