Egun arruntak
oporrak ez dira guztientzat egutegian markatutako oasi bat. Jende askok oporrak gorroto ditu. Ez dute aitortzen, zaila baita onartzea ez duzula denbora librerik nahi lagunekin, bikotearekin edo familiarekin egoteko, baina benetan gorroto dituzte norbaitekin planen bat antolatu ezik arraro sentiarazten zaituzten egun horiek. Jende horietako asko bakarrik sentitzen da errutinatik kanpo.
Eroso daude errutinan murgilduta: aste barruan lanera joan, lanetik bueltatu; astearte eta ostegunetan gimnasiako ikastarora; asteazkenetan kanpokoa delako nahiko bakarrik ibiltzen den beste lankide batekin zinemara? Asteburuan, larunbatetan erosketak egin, eta gero, etxean, pelikula bat ikusi edo irakurri? Igandetan gurasoen etxera bazkaltzera eta arratsaldez hurrengo asterako gauza guztiak prestatu, astea behar bezala asteko... Honelako bizitza duten pertsona askorentzat bizitza soziala errutinaren barruan gertatzen da soilik: egunero hartzen dute kafea, hamaiketan, lankideekin; urtero bi afari izaten dituzte gimnasiako kideekin, bat gabonak baino lehen, bestea udako oporren aurretik; eta ostegunetan pintxo-potea dagoela aprobetxatuz, batzuetan klasetik irtetean zerbait hartzera geratzen dira elkarrekin? Pertsona hauentzat hotz asko egiten du erruitinatik kanpo.
Egunerokotasunaren barruan ez dira bakarrik sentitzen eta komunitatearen parte dira, baina ekaina datorrenean, akabo gimnasiako klaseak, akabo afariak eta pintxo-poteak; udako oporrak datoz, kaleak hustu egiten dira, eta ez daukate norekin bidaiatu; eta gainera, hain dira luzeak egunak udan?
Eguraldiarekin gertatzen da, ezin dela esan ona ala txarra den, batzuentzat eguzkia eguraldi ona izan arren, ura behar duen nekazariaren-tzat txarra izan daitekeelako. Bada oporrekin antzeko zerbait gertatzen da. Oporrak ez dira guztientzat egutegian errotuladore berdez markatuta duten paradisua. Paradisua bakoi-tzak leku ezberdinean aurkitzen du, eta batzuek, egun arrunt zoragarrietan aurkitzen dute.