lo egon dira arboletako adarrak neguan, eta halako batean, hasi dira esnatzen. Udaberria hastearekin batera, arbola ba-tzuk loratu egin dira, eta gure ingurua bizirik dagoela gogorarazi digute. Indarberrituta bueltatu da lo zirudien natura.
Nahiko nuke jakin naturaren antzera, guri ere helduko zaigun loratzeko garaia, esna-tzeko, itsu-itsuan bizi dugun bizitza honi aurrez aurre begiratzeko. Naturaren elementu garen heinean, guk ere zikloak beharko genituzke, batzuetan lo eta beste batzuetan esna egoteko. Izan ere, urteko 365 egunetan esna egoteko aukera dugula sinistera heldu gara, konturatu gabe agian esna baino somnanbuluen antzera goazela, itxuraz esna baina sakonean lo.
Baina heldu da udaberria bigarren aukera bat eskainiz. Gu ere arbolen antzera esnatzeko aukera dugula esatera etorri da, entzun nahi dionari. Ezin dugu itxaropena galdu, somnanbuluek entzun egiten baitute esaten dena, nahiz eta lo egon, eta elkarrizketa bat jarraitu dezaketela ere esaten baitute.
Bai, zu, adibidez, eguna erlojuari begira bizi den hori; gaur egin behar dituzun gauza guztiak buruan, gurutzatu duzun parkeko arbolak loratzen hasi direla konturatu ez den hori; zure semea gaur triste zegoela sumatu ez duen hori; zure lagunak laguntza behar duela ohartu ez den hori; zure bikotearen begiradan maitasun eskaera bat ikusteko kapaz izan ez den hori; zure etxebizitzan bertan hipotekari aurre ezin eginda desesperatuta bizi den familia bat egon daitekeela pentsatu ere ez duen hori... Bai, zu, bigarren aukera bat eskaintzen dizu udaberriak. Aukera esnatzeko, burua bizi zaren kobazulo horretatik ateratzeko eta ingurura begiratzeko. Bizitzari adi egoteko.
Ukitu zure atzamarren puntak. Kilikarik sentitu al duzu? Ez baduzu ezertxo ere sentitu agian jada ez dago ezer egiterik, baina inurridura arin bat sumatu baldin baduzu, ez galdu zure hamar adartxo horietatik loreak hazten ikusteko itxaropena.