Egun bat
egun bakoitza bizitza bat da. Egun berean jaio eta hil egiten gara. Bihar ez gara gaur garen persona bera eta gaur gertatzen dena gaur bakarrik gertatuko da. Bihar gertatzen bada, jada ez da berdina izango. Auto-laguntzarako liburu bateko hi-tzaurretik lapurtutakoak diruditen arren, egia da antzeko ideiak izan ditzakegula une batez gelditu eta bizitzan egin duguna eta egin ez dugunaz hausnartzen hasten garenean. Eta askotan, ezagutzen dugun norbaiten heriotza gertatu arte, ez dugu geldiune hori egiten, orduan inoiz baino argiago ikusten baitugu, atzo egin genezakeen gauza bat, gaur ezinezkoa dela, hala nola, hildako lagun horrekin hitz egitea, edo hari mezu elektroniko bat bidaltzea, adibidez.
Medardo Fraile idazlea hil da pasa den asteburu honetan. Ipuingile bikaina, 50. hamarkadako belaunaldiko idazlea zen, Ignacio Aldecoaren garaikoa. Ipuingile eta ipuinzaleen artean kultuzko autorea zen baina ez zen oso ezaguna publiko zabalarentzat, besteak beste, 1967tik Glasgown bizi izan delako. Min egin dit haren heriotzak, eta baita harritu ere, nahiz eta aste honetan bertan 88 urte betetzen zituen. Osasun ona zuen eta liburu berri bat prestatzen ari zen.
Inoiz bere ikasle izateko aukera paregabea izan nuen, duela urte asko, eta ordutik harremana mantendu dugu, beti urrunetik, beti idatziz. Benetako maisu handien modura, oso eskuzabala zen eta apala; idazten ikasten saiatzen garenen dohainak puzteko joera zuen eta bere lana goraipatzen zutenean, beste norbaitez hitz egingo balute bezala, albo batera begiratzen zuen.
Egun bakoitza bizitza bat da. Bihar dena izango da berdin, baina guztiz diferentea. Bihar ez da atzo bezala Medardo Fraile gure artean izango. Bere umore finaren oroitzapena geldituko zaigu, eguneroko detaile txikietan bizi-tzaren gauza handiak aurkitzeko zuen abilezia, bere ipuinak geratzen zaizkigu. Gaurko eguna amaitu da, ia zer dakarkigun biharkoak.