Síguenos en redes sociales:

Eskuak

igogailuan, argi zuriaren pean, buzoian zegoen banketxeko gutunazal bat zabaltzen dagoela, orduan konturatu da Itziar zahartzen doala. Izan ere, begiradak gutunazaletik eskuetara ihes egin baitio, eta orduan pentsatu du: esku hauek ez dira nireak, nire amarenak dira, edo nire amonarenak, nire izekorenak, goizero igogailu hau garbitzen duen emakumearenak... Lurpeko ibaien antzera daude markatuta eskuetako azalaren pean urdin koloreko zainak, siku ditu hats-koskorrak, zurituta, eta orban batzuk atera zaizkio ezkontzako eraztunaren inguruan. Ezezagunak egin zaizkio bat batean bere eskuak.

Izan ere, eskuak ez datoz bat bere adinarekin, ez da hain zaharra. Ospitalean artatzen dituen amona eta aitonekin konparatuta, neskatxa bat da bera. Baina bere eskuek dagokien baino lan gehiago egin dute, antza: esku horiek atso eta agureen gorputz pisutsuak altxatzen dituzte egunero ospitalean; alabaren orgatxoa aldapa gorantz bultzatzen dute goizero haur eskolarako bidean; seme nagusiaren praka bakeroei tolesdura josi diote behealdean, luzeegiak bai-tzituen; erosketetan egindako gastuak apuntatu dituzte sukaldeko tiradera batean gordetzen duen koadernoan; senarraren laneko buzoa eskegi dute mila aldiz etxeko patioan... Higatuta ditu eskuak, zartaginak garbitzeko erabiltzen duen espartzuaren antzera. Esku latzak dira eta hala eta guztiz ere prest daude beti seme-alabei kokots azpian laztan egiteko, senarrari lanetik datorrenean lepoan masajea egiteko, ospitaleko amona eta aitonei behar dutenean euren alaba balitz bezala eskutik heltzeko.

Igogailutik irten eta etxera sartu direnean, semeak esan dio ikastolan, andereñoak martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, marrazki bat egiteko eskatu diela eta ez dakiela zer egin. Itziarrek, zekartzan gutunazalak sukaldeko mahai gainean utzi eta, une batez pentsatu ondoren, esku batzuk marrazteko esan dio. Mutilak ez du ulertu ezer. Azken aldian bere amak oso gauza arraroak esaten ditu.