testuinguruak ematen die zentzua eta kolorea hitzei. Hiztegian gordeta dauden bitartean, hitzak hibernazioan daudela esan daiteke, esanahia dute, baina neutroak dira, aseptikoak. Kontzesionarioetan dauden kilometro zero delako auto horiek bezalakoak. Norbaitek erabiliak izateko daude han zain, baina handik irten arte, errealitatearekin zikintzen diren arte, ez dute bizitzarik.
Testuinguruak ematen die zentzua. Haien esanahia guztiz aldatu daiteke erabiliak diren testuingurua eta momentuaren arabera. Duela pare bat urte norbaitek esaldi berberean erregea eta elefantea hitzak erabili izan balitu, hitz horiek ez lukete gaur egun duten zen-tzua. Espainiako erregea elefanteak ehiztatzen harrapatu zutenetik hitz horiek beste esanahi bat irabazi dute elkarrekin erabiliz gero.
Hitzek esanahi bat edo bestea izan dezakete erabiltzen diren unea eta testuinguruaren arabera. Duela zenbait hilabete, Barcenasen kontuak ezagutu aurretik, adibidez, sobre edo gutun-azal hitzak ez zuen gaur duen zentzu bera. Gaur hitz hori erabiltzean duela zenbait hilabete ez zegoen intentzio bat ezkutatu daiteke. Eta nahikoa da lekuz aldatzea, dena ezberdina izateko, izan ere, hitz bakoitzak konnotazio ezberdinak izan ditzake Estatu Batuetan, Holandan edo Indian.
Hitzak bizirik daude, elementu biziak dira, eta euria egiten duenean gure zapatak loka-tzez zikintzen diren moduan zikintzen dira haiek ere bizitzarekin kontaktuan. Horregatik testu bera noiz, non, eta nola irakurtzen den arabera, ezberdina da. Horregatik ulertu daiteke, adibidez, liburu bat 20 urterekin irakurtzean gauza bat ulertzea edo sentitzea eta liburu bera 40 urterekin irakurtzean gauza berriak aurkitzea bertan. Ziurrenez, liburu bera 60 urterekin irakurriz gero, berriz aurkituko genioke zentzu berri bat, neurri handi batean, gure esperientziak eta gure ezagutzak ematen dielako bizitza bertan jasotzen diren hitzei.