Síguenos en redes sociales:

Lasaitasuna

ooRDU erdi inguru egon ginen hizketan. Ez nuen ezagutzen eta oso itxura ona hartu nion, ez hainbeste emakume hark gure bilera laburrean esan zidanagatik, esateko moduagatik baizik. Lasaitasunez hitz egin zidan, patxadaz, ideia bakoitzari irteteko behar zuen denbora eskainiz. Hizketan hasi baino lehen sakon hartu zuen arnasa, eta hitz egin bitartean geldiune laburrak egin zituen hurrengo ideia ordenatzeko. Eta pentsa daiteke ezagutzen ez diren bi pertsonen artean sor-tzen diren isiluneak deserosoak izan daitezkeela, baina ez nuen halakorik sentitu, emakume haren isiltasuna ez zelako esateko ezer ez izanaren ondorio, bere ahotik irten behar ziren hurrengo hitz eta esaldiak ordenatzeko tresna baizik. Eta emaitza ezin eraginkorragoa izan zen: sekulako abileziaz komunikatu zizkidan buruan zituen ideiak. Eta osotasun bat eman zien denei.

Une horretan, arazo urgenteren bat horrelako lasaitasunez konpontzen imajinatu nuen. Eta imajinatu nuen proiektu bati forma ematen epe luzera begira, epe laburrak itsutu gabe.

Gero eta zailagoa da horrelako pertsonak aurkitzea. Gero eta zailagoa da lasaitasuna eta patxada aurkitzea inon. Eta ez nabil gauzak geldoago egiteaz ari, gauzak perspektibaz eta epe luzera egiteko behar den patxadaz eta begirada sakonaz baizik. Gure bizitzek eta gizarteak hartu duten abiadurak erabili eta bota-tzeko emaitzak sortarazi ditu, dena iraungitzen da egun batetik bestera. Eta agian hitz egin aurretik eta ezer egin aurretik gelditu eta lasaitasunez arnasa hartzea da gehien behar duguna, geure burua ordenatu eta arazoei erantzuna ematen saiatzeko. Ez biharko, ez etzirako. Ez dugu txaplatarik ezta hitz solterik behar. Arazoak osotasunari begira konpontzen dira, urrunetik eta gertutik begiratuta, epe laburreko dominen bila joan gabe.

Arazoak lasaitasunez bakarrik konpondu daitezke. Lasaitasunak ez duelako esan nahi geldirik geratzea. Lasaitasuna abiada hartzeko modu bat da.