Gogoa
Harrituta utzi ninduen erakusten zuen gogoak, pasioak, ilusioak. Maketak egiten dituen ezagun batek bere estudiora eraman ninduen, eta benetan harrigarria iruditu zitzaidan zaletasun harekiko erakusten zuen pasioa. Aitortu behar dut niri ez didatela askorik esaten maketa eta miniaturek, are gehiago, urduri jartzen naizela haiek egiteko behar den pazientzia mordoaz pentsa-tzearekin bakarrik. Soldadutxo bat hartu eta pintzel fin batekin margotu zituen haren txaketa, haren txanoa, haren botak. Eta gero beste soldadutxo bat hartu zuen pinturaz zikindutako eskuekin, eta gero beste bat. Bere lan hari buruzko azalpenak eman bitartean begiak pizten zitzaizkiola gogoratzen dut. Eta pintzela eskuetan hartzean, munduaz ahazten zela iruditu zitzaidan. Une batez inbidia sentitu nuen.
Pertsona batzuek sekulako zortea dute: gogo-bizia sentitzen dute egiten dutena egiten, eta ez dira konturatzen askotan horren balioaz, izan ere, zoriontsu bizitzeko ezinbesteko osagaiak baitira zerbait egiteko gogo-bizia, ilusioa eta pasioa sentitzea. Gauzak gogo biziz egiten duen jendea gustatzen zait. Eta berdin zait pasio eta gogo hori miniatura batzuk margotzen pizten bazaie, edo liburu bat irakur-tzen, edo dantza-jazz paktikatzen, edo lorezaintza, edo herri-kroserako entrenatzen edo auzoko jaiak antolatzen, edo karaokean abesten, edo lagunentzako afari bat prestatzen...
Ez dakit zerbait garratzitsuagoa dagoen pasioa eta gogo-bizia sentitzea baino bizitzan indarrez aurrera egiteko. Batek esango du agian inportanteagoa dela maitasuna, baina maitasuna gogoa da baita ere, norbait maitatzeko gogo-bizia; edo zorionaren giltza norbera bere buruarekin gustura egotea dela, edo gustuko duzun lanbide bat izatea, baina kasu hauetan ere gogorik gabe ez dago ezer.
Nire lagun maketagilearen antzera, zikindu ditzagun eskuak gogoaren kolore biziarekin. Eszeptisimoaren atzamar likatsuetatik ihes egin ahal izateko modu bakarra da.