Síguenos en redes sociales:

Esku bakarra

zenbat aldiz entzun diedan ama, amaginarreba, izeko eta aurreko belaunaldiko hainbat emakumeri sekulako zortea dugula gaur egungo emakumeak. Halakoak entzun ditut nire bikoteak euren aurrean seme-alabei fardelak aldatu dizkienean, edo familia bazkari batean platerak jaso dituenean. Euren garaiak gogoratzen dituzte eta miresmenez begiratzen diete "gizon berriei." Ez dira konturatu, baina, gizon berri hauek nola eramaten duten umearen orgatxoa kaletik. Ez zarete konturatu? Egunero ikusten dut gizonen bat umearen orgatxoari esku bakar batez bultzatzen, umea daramat baina ez naiz ume-zaintzailea esan nahiko balute bezala; norbaitek orgatxoari une batez heltzeko eskatu izan balie bezala; nik egiten dut baina lan hau ez da nirea, esanez bezala. Eta iruditzen zait errealitatearen karikatura izan daitekeela irudi hori. Badakit askok bi eskuak erabiltzen dituztela, baina ikuspegi orokor eta sinboliko batetik begiratuta, argi dago besomotz asko dagoela gure gizartean.

Bai, gauzak asko aldatu dira. Emakumeek azken hamarkadetan masiboki ireki dituzte arlo produktibo eta publikoaren ateak, baina ez nahiko indarrez, antza, besteak beste, ez baitira iritsi erabakiak hartzen diren guneetara. Eta honen aurrean beste irudi bat datorkit burura: emakume bat ikusten dut erabaki eta botere guneetara daraman ate pisutsu bat irekitzeko saiakera egiten, baina zaila egiten zaio, besteak beste, esku bakarrarekin egiten duelako bultza.

Eta batek hemen berdinketa tekniko bat ikusiko du: gizonek esku bakar batez heltzen diote orgatxoari eta emakumeek esku bakarra erabiltzen dute plaza publikoa eta erabaki-guneetako atea irekitzeko. Baina diferentzia handi bat dago: Gizonak libre daukan eskua zigarroa erretzeko erabiliko du, edo irratia sintoniza-tzeko, edo telefonoz lagun batekin asteburuan bizikletaz irteteko hitzordu bat adosteko. Baina emakumeak "libre" daukan eskua beste lan ba-tzuetan ditu okupatuta. Ama, amaginarreba eta izekok ederto ezagutzen duten lan batean, hain zuzen ere.