Begi zuloak
LAUROGEIKO hamarkadako usaina bueltan da. Orduko industria birmoldaketaren ondorioz sortutako gatazkarena: itxitako enpresak, kaleratutako langileak, grebak, sua espaloian, barrikadak? Dena ziklikoa dela esaten dute eta ba omen, berriz baitator bueltan orduko usaina. Lan erreformak baimenduta, jende askoren eguneroko bizitza aldatzen, trakesten eta hondatzen ari da, eta kontu guztiekin gertatzen den moduan, arazoa aurrez aurre ikusi arte, zaila izaten da haren larritasunaz ohartzea. Laminaciones Arregui enpresako 352 langile kaleratzeko bidea irekita dago. Hainbeste jende izanda, erraza da egoera larri horretan dagoen norbait ezagutzea. Askok ezagutzen ditugu. Eta arazoari aurpegia jartzean, haien begi zuloetan lo egin gabeko zenbat gau igarotzen ari diren zuzenean ikustean, ez da pena batek sentitzen duena, amorrua baizik.
Nik ezer gutxi dakit ekonomiaz, zenbakiez, eta portzentajeez eta ezagutzen dudan "prima de riesgo" bakarra Lekitxoko nire lehengusinaren bat da. Bizi dugun krisi ekonomikoaren aurrean, ezinezkoa zait analisi sakonetan sartzea, baina gauza bakarra dakit: bizitza guztian enpresa batean lanean egon den pertsona gauetik egunera halako erraztasunez kaleratu ahal izatea ezin dela bidezkoa izan. Eta badakit dena ez dela zuri edo beltz, niretzat enpresari bat ez da mamu bat eta ulertzen dut esaten dutenean enpresaririk gabe ez dagoela aberastasunik, ez dagoela lanposturik, baina ez dezagun ahaztu langilerik gabe enpresariak ere ez direla ezer, eta urtetan irabazi dituzten dirutzak langileek eskuak urratu dituztelako bildu dituztela.
Egia da krisiak mundu guztiari egin diola kalte. Baina gauza bat da hogei milioi irabaztetik bost milioi irabaztera pasatzea, edo irabazirik ez edukitzea eta gordeta daukazun diruarekin bizi behar izatea, eta beste bat, oso ezberdina, zure seme-alabentzako arropak erosteko dirurik ez edukitzea. Eta batzuek zein besteek izango dituzte begi zuloak, baina begi batzuetatik odol malkoak isuri dira.