Síguenos en redes sociales:

Alferkeria soziala

OSo goiz ikasten dugu lezioa. Umetan, gurasoek harremanak izatera bultza-tzen gaituzte, laguntxoak izatea eta hauekin jolastea benetan garrantzitsua dela erakutsiz. Berdin zer egiten duzun, baina egizu zure inguruan jende asko duzula. Hor lezioa. Eta horrela, berehala barneratzen dugu bizitza honetan norbait izateko, arrakasta izateko, pozik bizitzeko, harreman asko izan behar ditugula. Ondorioz, lotsatiak, isilak edo jende artean oso eroso sentitzen ez direnak, txikitatik gutxietsiak sentitzeko arrisku handia izaten dute.

Animalia sozialak gara, eta ondorioz, teorian behintzat, talde bateko partaide izateak eta gure esperientziak jendearekin partehartzeak on egiten digu. Baina pertsona guztiak ez gara berdinak, ez gara ezta pertsona bera gure bizi-tzako une bakoitzean. Badaude jai jendetsuetan pertsona gisa errealizatzen direnak, ba-tzuk besteei muxuak emanez, zer moduz, nola zaudete, ni ondo, esan beharko? Eta badaude tankera honetako jaiak infernutzat jotzen dituztenak: ez zaie zertaz hitz egin burura-tzen, ez dakite non eta nola jarri, beti erdian eta traba eginez sentitzen dira.

Hauetako pertsona askok nobela bateko pertsonaiekin harremanetan aurkitzen dute benetako bakea, adibidez; edo mendialdean paseo bat emanez, euren gauzei buruz pentsatu bitartean. Baina askotan alde batera uzten dituzte euren pasioak, eta behartuta irteten dira plazara, ez dutelako pertsona bitxitzat hartuak izan nahi inguruan duzun jende kopuruaren arabera baloratzen zaituen gizarte batean.

Pertsona guztiak ezin dugu berritsuak izan, irekiak, alaiak? Gainera osasungarria da denetarik egotea. Pentsa une batez denok nahiko bagenu batera hitz egin, denok nahiko bagenu jaietako izar izan, edo dibertigarriak izateko ahalegina egingo bagenu denok batera? Barka, baina egoera imajinatzearekin bakarrik sekulako alferkeria soziala sentitzen hasten naiz.