Síguenos en redes sociales:

Furgoneta beltza

PAUSUAK emateko duen moduak gorputz osoa minduta duela erakusten du. Emakumeak ume jaioberria darama besoetan, manta batez estalia, eta ospitaleko sarrerako eskailerak jaisten hasi da, poliki-poliki. Metro gutxitara, auto bat dauka zain, motorra martxan. Bizitza berri baten lehenengo kilometroak egiteko prest.

Ama berria autora heltzean, furgoneta beltz bat gelditu da haien atzean. Ehorztetxekoa da. Gidaria furgonetatik irten da, eskailerak igo ditu ziztu bizian, eta sarrerako zaindariak agurtu ditu, irribarrez. Ezagunak ditu, ia egunero pasatzen da ospitaletik, bertan hildako norbaiten bila. Haren azken kilometroak egiteko prest.

Segundo bakar batean hasiera eta bukaera ikusi ditut; a eta z; kaixo eta agur; etorkizuna eta iragana. Bizitza irudi bakar batean laburbilduta. Borroka hastear dagoenaren lehenengo pausuak, eta errendizioaren bandera zuria atera duenaren bakea. Borroka eta bakearen zentzua ezberdina da ospitalean. Han ia denek nahiago dute borroka bakea baino. Bakeak beldur ematen du.

Ospitaleek badute linbo moduko baten an-tza. Denborak eta espazioak ere beste zentzu bat hartzen dute ospitaletan, hango erlojuek ez dituzte minutuak eta segundoak kanpoko erritmo berean zenbatzen. Hodei bat da ospitalea, eta handik irtetean hasi daiteke bizitza, hara sartzean bukatu daitekeen modura.

Ospitaletan gertatzen dira gure bizitzako une garrantzitsuenak. Eskaileratan gora eta behera, han gurutzatzen dira bere aita gaixoari azken agurra ematera doana; eskuetan erresonantziaren emaitza pozgarria daramana; ekografian bere haurdunaldia primeran doala ikusi berri duena; medikuaren ahorik "ezin dugu besterik egin" entzun berri duena; bere lehen iloba ikustera doana? Barre eta negarrak. Borroka alaitsuak eta bake tristeak.

Linboari, baina, murrizketa garaia heldu zaio. Heldu da furgoneta beltza, gure bizitzak murrizte aldera kilometroak egiteko prest.