Eguzkia
ANDONI Aizpuruk eguzkia iragarri duela eta, irribarre egitea egokitzen zaigu. Heldu da azkenean, bazen garaia, goazen denok ganbarara sandalien bila, pozik, gogo-tsu. Poz ofizialaren garaia hasi da, kalera irten eta etxera bueltatzeko unerik ez aurki-tzeko garaia, etxeko leihoak irekita eduki-tzekoa, gauetan kilkerrak entzutekoa, hego haizearen usain eztia gogoz aditzekoa, lagunekin terraza batean zerbezak hartzekoa? Baina hain justu horrengatik, guzti horrengatik, eguzkiak min egin dezake. Eguzkiak min egiten dio jende askori. Duela gutxi banandu denari, lagunik ez duenari, maite zuen norbait galdu duenari, bizitzari zen-tzua aurkitzea kostatzen zaionari, bere bizimodua batere gustuko ez duenari, bere gorputza gorrotatzen duenari?
Eguzki izpi bakoitzak labankada batek baino zauri gehiago eragin ditzake kasu askotan. Pozik egoteko benetako zailtasunak dituenentzat, eguzkiaren garai alai eta zoriontsua diktadura baten antzekoa da. Dekretuz ezartzen zaio irribarre egitea, dagoen argia eta tenperaturagatik poztea. Baina nola azaldu goizeko zeru urdin eder horrek biluzik eta babesgabe sentiarazten duela? Nola esan inori eguna maratoi bat baino luzeagoa egiten zaiola, eguzkia ez delako berandurarte desagertzen?
Zaurituta dagoen jende askorentzat lehengo eguzki izpien garai hau urteko gogorrena izaten da. Ipar haizea eta euri zaparraden garaian, etxea babesleku bihurtzen da haien-tzat. Hodeiak belusezko kuxinak bezalakoak dira, leunak, eta arimari atseden hartzeko aukera ematen diote. Eguzkiak aldiz min egiten die, txankletek behatzen artean bezala, eta dardara moduko bat eragiten die barruan, han alarma bat martxan jarriko balitz bezala, handik zerbait berria hazi beharko balitz bezala, lore formako zabor handi bat. Eta horren beldur dira, han barruan dagoena estali nahiko luketelako, udazken sendagarrian zerua estaltzen den moduan.