Síguenos en redes sociales:

Eskaintza

SuPERMERKATUAN, etxetresna elektronikoetako sailean, aspiragailu bat ikusi dut koloretako kartel handi baten alboan. Kartelak dio: Amaren Eguna. Eskaintza berezia. Pertsona lasaia naiz, eta, benetan, lasai nengoen supermerkatura sartzean, baina une horretan aspiragailua esku artean hartu eta lurraren kontra txikitzeko gogoa izan dut, Clash taldearen London Calling diskoko azalean Paul Simononek bere baxuarekin egiten duen bezala. Hautsa ken-tzeko zapi bat eta Centella poto batekin batera eskaintzea falta zitzaien bakarrik. Eskaintzaren helburua salmentak sustatzea bazen, lortu duten gauza bakarra bezero bat galtzea izan da.

Supermerkatuen kateko zuzendaritza taldeko nork izan du halako ideia bikaina? Susmoak ditut zuzendaritza talde horretan urria dela emakumeen presentzia, beste enpresetako erabaki guneetan gertatzen den bezala (euskal enpresetako administrazio kontseiluetan emakumeen presentzia ez da %15era iristen). Ziur naiz pentsalari talde horretan emakume gehiago izanez gero, ez nukeela horrelako eskaintza sexistarik ikusiko eta ondorioz, ez luketela bezero bat galduko.

Emakumeek, merezi duten bezala enpresetako erabaki guneetan egoteko aukera izango balute, enpresa horiek ez lirateke bakarrik justuago bihurtuko, baita eraginkorragoak eta errentagarriagoak ere, erabakiak dibertsitatea kontutan harturik hartuko lituzketelako, besteak beste. Ez dut ulertzen zergatik askok suposatzen duen enpresetako zuzendaritza taldeak lan horretarako prestatuen dauden pertsonez osatuak daudela, eta prestatuta dauden emakumeentzako postu horietara heltzeko dituzten oztopoak gainditzeko neurrien aurrean, demagogia erabiliz, sexuaren gainetik inportanteena gaitasuna dela esaten duten, emakumeen gaitasuna zalantzan jarriz (euskararekin ere berdin gertatzen da: nik mediku ona izatea nahi dut eta ez euskaraz jakitea eta abar?). Benetan sinisten al dute aspiragailuaren eskaintza egitea erabaki dutenen artean lan horretarako ahalmen gehien dutenak daudela? Bai zera!