Síguenos en redes sociales:

Planik ez

BETI agertzen da norbait galderarekin: Non izan zara Aste Santuan? Edo: Planik bai zubi honetarako? Itaunarekin ez dute zure planen berri izan nahi, beraiena kontatzeko testuinguru egokiaren bila ari dira. Baina hori beste kontu bat da, eta beste artikulu baterako ematen du. Esan nahi dut badagoela halako presio sozial bat gaizki sentiarazten zaituena jai egunetarako planik antolatu ez baduzu. Asteburua edo zubia izan, plana beharrezkoa duzula gogorarazten dizute etengabe handik eta hemendik.

Larunbatean, gosaldu bitartean irratia en-tzuten nagoela, aisialdirako aukera ugari kontatzen dizkit esatariak, eta plan bat ez antola-tzeko aitzakiarik ez dudala esaten dit gainera. Eta ni deseroso sentitzen hasten naiz, lanez leporaino ibili naizelako aste barruan zehar, pentsatzeko denborarik gabe ia, eta asteburuan denek zerbait planifikatu behar dudala esaten badidate ere, nik sentitzen dut gauza gehiegi planifikatu ditudala jada aste barruan zehar eta nire buruak, nire gorputzak eta nire arimak atseden hartzea behar dutela. Askotan planik ez izatea eskertzen dudala.

Egon egin nahi dut. Egon, besterik gabe. Pentsatu, sofan liburu bat irakurtzen hasi eta lo geratu, telebistan pelikula txar bat ikusi, armairua ordenatu, nora noan jakin gabe etxetik paseo bat ematera irten, ordutegirik gabe, helburu finkorik gabe? Eta planik prestatu nahi ez izateak ez du esan nahi zerbait gerta-tzen zaidanik, ez nago gaixorik, ezta deprimitua ere. Faltan sentitzen dut jai egunek eta igandeek atseden hartzeko balio zuten garai hura. Egoteko egunak ziren. Pixka bat gelditzeko.

Batzuetan pentsatzen dut jai egunak zeregin ezberdinekin betetzeko behar horrek hein handi batean ezkutatzen duela hutsuneari diogun beldurra. Denbora libre horrek gure inguruan gertatzen ari denaz pentsatzeko denbora ematen digulako, gure bizitzaz hausnartzeko, eta baita pixka bat aspertzeko ere, zergatik ez. Baina horrenbeste denbora pasatu da azkeneko aldiz gustura aspertu nintzenetik?