Síguenos en redes sociales:

Kafea eta tila

IRAGARKIA ikusten dudan bakoitzean, telebistari erantzuten diot, bakarrik berbetan hasten naiz. Ezin dut jasan. Kafe deskafeinatua tila eta melisarekin. Atseden hartzeko eta lasaitzeko kafea. Aber. Nik ulertzen dut estrategiak erabili behar direla produktuak saltzeko; nik ulertzen dut eroslearen beharrak aztertu behar direla produktu berriak sortzeko eta hauen salmentak bizkortzeko; ulertzen dut beti zerbait berriaren bila ibili behar hori, baina saldu nahi honek, zerbait berri asmatu nahi horrek, gauzak desnaturalizatzera eramaten ditu askotan marketing enpresak eta produktoreak. Ze gauza bat da yogurta zereal zatitxoekin nahastea, edo freskagarri bati azukrea kentzea, edo gailetei marrazki bizidunetako pertsonaien forma ematea, edo alkoholik gabeko zerbeza asma-tzea, dena salmenten mesederako, baina ez dago kafea tila bihurtzerik, ogia ura bihur-tzerik ez dagoen modura. Kafea bizigarria da eta tila lasaigarria. Eta gauza bat da kafeari kafeina kentzea eta deskafeinatua asmatzea. Ondo. Badago kafearen zaporea gustuko duen jendea eta kafeinak oso urduri jartzen duena. Baina bizigarria dena lasaigarri bihurtu nahi izatea gauzak mugaraino eramatea eta gauzei zentzua kentzea da. Kafeina duen tila asmatuko dute laster, eta normala irudituko zaigu. Eta tabernetan eskatuko dugu: "Aizu, jarriko al didazu kafeinazko tila bat, mesedez, ia esnatzen naizen...".

Eta txarrena da, goazen martxan, normala irudituko zaigula, ohitzen goaz eta teorian gauza baterako balio zuten gauzak justu kontrakoa lortzeko balio dutela ikusten. Normala iruditzen zaigu, adibidez, hezkuntza ministerio batek hezkuntzaren kalitatearen kontra egitea; edo elkarrizketaren bidez arazoak konpontzeko hautatuak diren politikariak, arazoen sortzaile bihurtzea. Beraz, tila eta melisa duen kafearena gure garai hauetako ezaugarri nagusiaren erakusle baino ez da, antza. Gauza bat saldu, eta justu kontrakoa ematen dizuten garai batekoa.