Txandala
TXANDALAK errendizioa irudikatzen du. Gorputzaren errendizioa. Kalera irteteko txandala janzten duenari ez zaio praketan sar-tzeko ahalegina egiteko gogorik geratzen, alkandora bat lisatzeko ere ez: bere gorputzak bandera zuria atera du dagoeneko. Nekez gogoratuko du igande goiz batean hasi zela dena. Ogia eta egunkaria erosteko txandala jantzi zuen, eta praken estuasuna sentitu gabe, bat batean pijama antzeko jantzi haren erosotasunaz maitemindu zen. Eta ia konturatu barik, auzotik buelta bat emateko txandala janzten hasi zen, umeak eskolara eramateko, merkatal gunean erosketak egiteko, lagunekin tabernan zerbeza bat hartzeko. Eta jada errendizioaren harea mugikorretan jausita, gaur ezinezkoa zaio berriz praketan sartzea, bere gorputza hedatu baita, bere zilborrak gainez egin du, eta ez dago jada bragetako botoia ixterik, ez dago gorputzaren tentetasuna mantentzerik.
Azken aldian, gure gizartea txandala jantzita dabilela sentitzen dut. Egunero jasotzen ditut inguruan errendizioaren, alferkeriaren, lasaikeriaren seinaleak. Merkatal gunean txandala jantzita dabilenaren antzera, horrela begira-tzen dio askok, adibidez, lan erreformaren kontrako mobilizazioei, beraiekin zerikusirik ez balu bezala, erreformak euren bizitzan eraginik izango ez balu bezala. Erosketa zerrendan beste lehentasun batzuk daude antza.
Berdin gertatzen ari da urteetako borroka behar izan duten hainbat lorpenekin ere. Emakumeen eskubideen aldeko borrokari ere urrunetik begiratzen dio askok, emakume askok baita ere. Feminismoaren borrokak euren bizitzan eragina izan ez balu bezala. Eta orain, eskuinaren leize ilunetik abortua bezalako eskubidearen kontra egindako erasoen aurrean, adibidez, jende asko lasai dabil, urrunetik begira, eroso txandala jantzita. Geldirik. Eta mugitzeko inolako asmorik gabe.
Ezinezkoa da inor txandala eranztera behar-tzera, baina agian ez legoke gaizki txandala zertarako asmatu zen gogoraraztea: korrika egiteko, salto egiteko? Hitz batean, mugitzeko.