Txirrista
hodi beltz handi bat duen txirrista erraldoi horietako bat. Umeak irrist egiten doaz hodiaren barrutik eta oihuak eta barreak entzuten dira. Hodi beltzaren irteerari begira, guraso ba-tzuk, urduri. Umea txirristaren ahotik sartzen ikustean arnasa eteten zaie beheko aldetik irteten ikusi arte. Orduan, hasperena, eta haien begietan pentsamendu baten isla: irten da azkenik neure kuttuna Gargantuaren tripetatik.
Nerabezaroa hodi beltz handi bat da guraso askorentzat. Umetxoak zirenak titietan bi menditxo edota galtzarpeko ile hazi berriekin hodi beltz eta ilun batera sartzen ikusi ondoren, ez dute arnasa lasai hartuko handik irteten diren arte, behin nerabezaroa gaindituta. Bi urteko itolarria izan daiteke, edo hirukoa, edo laukoa.
Ezagutzen ditut euren seme-alaba nerabeen erruz itota bizi diren gurasoak. Gaztetxoek ez dute arazo berezirik, baina hala ere, gurasoak kezkatuta daude. Egun osoa egiten dutela etxetik kanpo, bueltatzean ez dietela ezer konta-tzen? Ez dut nire semea ezagutzen, esango dizute; ez dut nire alabarekin hitz egiteko aukerarik. Urrun sumatzen dituzte. Gargantuaren tripetan, digestioaren erdi-erdian. Eta bertan zuku gastriko bihurtuta egon nahiko lukete, dena kontrolatzeko, seme-alaben bizkartzain izateko, baina ezin.
Eta guraso hauek larunbatak, herrietako jaiak, Inauteriak, gabon zaharrak, eta gauez irteteko aukera ematen duen edozein ospakizun gorrotatzen hasi dira. Garai batean honelako ospakizunak noiz helduko zain egoten ziren, baina gaur oilo-ipurdia jartzen zaie herrietako jaiei hasiera ematen dien txupinazoaren danbada entzuten dutenean. Eta ez emozioz, beldurrez baizik.
Drogaren bat asmatu beharko lukete, esan zidan guraso hauetako batek behin: 13-14 urte dituztenean lo utziko gaituen droga bat, behintzat 18 urte dituzten arte esnatzen utziko ez diguna. Baina droga hori asmatuz gero ere, ziur naiz ez lukeela hartuko, bere lekua, urte horietan, hodi beltzaren irteeran egongo delako. Zain, urduri, arnasari eutsiz.