Eskularrua
elurretan galdutako eskularruaren antz handia du galdutako adiskidetasunak. Ezin ahaztu eskularru horrek berak zapladak eman zizkizula bizkarrean, kontsolatzeko asmoz, garai txar baten erdigunean zeundenean; eskularru horrek berak bostekoa eman zizula zorion-tzeko, garai hobe batean; eskularru horren atzamar artean sartu zenituela zureak, elkarrekin nonbaitera joateko. Baina egun batean, eskularrua poltsikotik jausi zitzaizun etxeko giltzak ateratzerakoan, bertan zegoela ahaztu zenuelako. Eta gaur, elur artean ikusita, eskularruak ez du zurea ematen: izoztuta dago, elurra atzamarretan itsatsita, eta ezinezkoa iruditzen zaizu hura berriz janztea.
Batzuek eztabaida sutsu edo haserre baten ondorioz galtzen dituzte lagunak. Baina badago adiskidetasun bat galtzeko modu mingarriago bat: laguna gutxika galtzen joatea, arrazoi konkreturik gabe, ahanztura eta alferkeriaren ondorioz, poltsikotik irrist egiten duen eskularru baten antzera. Mingarriagoa da jakitea garaiz egindako dei batek, mezu batek, aurrean agertze batek, urruntzea saihestu zezakeela. Horrek larriago egiten du galera. Eta galera behin gertatuta, zaila izaten da adiskidetasuna berreskuratzea, zure lagunaren eskuari heltzean hotza dagoela konturatzen zarelako, eta iruditzen zaizu ez dagoela modurik bertan garai bateko berotasuna eta konfiantza aurki-tzeko. Bat batean, bi ezezagun zarete. Eta beldur ematen dizu atzamarrak bustitako eskularruan sartzea, izoztu egingo zaizkizula antzemanda.
Egoera honen aurrean, bi aukera dituzu: betirako urruntzea harengandik edo zure laguna berriz ezagutzea. Eta berriz ezagutzeak hein handi batean esan nahi du garai batean elkarrekin izan zinetena ahaztu behar duzula, ezinezkoa baita adiskidetasun hura bera berreskuratzea, ez baitzarete garai bateko pertsona berak. Baina horrek ez du esan nahi adiskidetasun berri hori garai batekoa baino indar-tsuagoa, xamurragoa izan ez daitekeenik. Berogailuaren gainean sikatzen utzitako eskularruaren berotasuna gorde dezake.