Síguenos en redes sociales:

Ziztada

ARAZo bati aurpegi ezaguna jarri arte ez da arazo. Abstrakzioa sentsibilizazioaren aurkari da. Irakurri egunkarian milaka langabetu daudela, edo norbaitek tratu txarrak jasan dituela komisaria batean, edo bonba batek hanka txikitu diola gaztetxo bati urruneko gerra batean, edo egunero ez dakit zenbat ume hiltzen dela munduan gosez? Ez baditugu ezagutzen, ez badiegu aurpegia jartzen, ez gaitu hainbeste hunkitzen.

Krisia dela eta, batzuek lehen aldiz bizi dute euren inguruan, gertutik, langabeziaren eta diru faltaren drama: anai baten enpresa itxi dute eta kale gorrian dago, lehengusu bat etxetik kanporatu nahi dute hipoteka ezin duelako ordaindu, edo lagun batek larunbatetan afaltzera irteteari utzi dio, emaztea langabezian duenetik soldata bakarrarekin ozta-ozta heltzen direlako hilaren bukaerara. Ondorioz, orain, beste modu batez irakurtzen dituzte ekonomiaren inguruko albisteak. Orain, krisia ez da abstrakzio bat, benetako zerbait baizik. Errealitate bat. Eta euren eguneroko ekintza eta erabakietan eragina du.

Aspaldian joera bat dago komunikabideetan notiziak kontatu ordez, istorioak konta-tzeko, istorio konkretuak. Berez, literaturak eta zineak egiten dutena eurentzat hartzen ari dira albistegiak, telebista kateak bereziki: langabeziaren datu hotzak eskaini ordez, bankuari ezin ordaintzeagatik etxe gabe geratu den emakume baten istorioa konta-tzen digute; edo munduan ablazioa zein herrialdeetan egiten den aipatzen duen erreportaje baten ordez, ablazioa egin dioten neskato baten istorioa kontatzen digute, haren egunerokoa ezagutzen dugu.

Istorio hauek askoz eraginkorragoak dira ikusleak sentsibilizatzeko orduan gaia modu abstraktuan jorratzen dituzten erreportaje edo notiziak baino. Izan ere, konkretua da abstraktua barneratzeko modu bakarra. Orra-tzen antzera, punta zorrotzik gabe, punta konkretu-konkreturik gabe, istorioak ez zaizkigu azalean sartzen eta ez digute zizt egiten.