Pottokina
pOTToKIAK filmearen DVDa ikusten, seme-alabekin. Sofaren ertzean dagoen egunkariari begiratu eta atentzioa eman dit agertzen den argazkia: Ana Pastor ministroa ageri da bertan Espainiako enpresa handietako buruekin batera. Gizonak eta gorbatak baino ez ditut ikusten, emakumerik ez. Argi dago nork agintzen duen, pentsatu dut, eta seme-alabei begiratu diet: aldaketarik ikusiko al dute argazki horretan nagusiak direnean? Hasperen egin, egunkaria part bota, eta Pottokien filmearekin aliena-tzea eta munduko injustizia guztietaz ahaztea erabaki dut. Pelikulako narratzaileak dio basoan ezkutuan dagoen herrixka txiki batean bizi direla pottokiak, eta banan banan aurkezten hasi da: pottoki aita, pottoki marmartia, pottoki indartsua, pottoki bromazalea, pottoki ameslaria, pottoki jaioa, pottoki poeta, pottoki sukaldaria, pottoki arotza? eta pottokina. Nik alienatu nahi nuen. Nik mundua ahaztu nahi nuen pelikula ikusi bitartean, baina ezin. Ezaugarri diferenteak erakusten dituzten pottoki guztien artean, han agertu da neska bakarra, egunkariko argazkian bezala. Eta pottokina ez da poeta, ez da jaioa, ez da sukaldaria, ez da bromazalea, ez da ameslaria... Ez dakigu zer den, edo hobe esanda, badakigu zer den: gauza guztien gainetik neska dela badakigu. Eta hori da bere papera.
Pottokina, munduko neska guztien ordezkaria, denak berdinak balira bezala: ez indartsuak edo ahulak, ez poetak edo kimikariak, ez ausartak edo lotsatiak. Ez, neskak dira, zerbaitek definitzen baditu beraien neska izaera da eta. Eta izaera hau izango da beste guztien gainetik nagusituko dena, tamalez, bizitza errealean bezala.
Emakume enpresariei zergatik galdetzen zaie beti elkarrizketatan nola egiten duten bizitza profesionala eta pribatua bateratzeko? Edo emakume idazleei, zergatik diren emakumeak beraien nobeletako protagonistak? Edo emakume politikarien perfiletan zergatik aipatzen da hain nabarmen seme-alabak dituzten edo ez? Beste edozeren gainetik, gizarte honen begietara, emakumeak direlako. Askorentzat, herrixkako pottokinak gizonez mozorrotuak.