Síguenos en redes sociales:

Handik goitik

askotan gertatzen zaio. Hiru edo lau pertsona baino gehiagorekin taldean baldin badago, konturatu barik, atentzioak ihes egiten dio hegan, lurralde urrunen batera, eta halako batean konturatzen da ez diela albokoei jaramonik egin, eta bertigoa sentitzen du: baina zer egiten dut nik hemen goian. Inesek askotan aitortu behar izan du oso despistatua dela kaletik lagun bat edo beste ez duelako agurtu. Ikusten baditu ere, ez ditu ikusten, beste nonbaiten izaten baitu burua.

Baina gaur, semaforoaren aurrean oinezkoentzako argi berdearen zain dagoela, Ines ohartu da berea ez dela atentzio falta, bere burua, begiak, belarriak adi daudelako. Kasu honetan, ez semaforoari, baina bai beste zerbaiti. Ingurukoak semaforoari adi dauden bitartean, bera arbolaren adarrean dagoen txoriari begira dago. Eta orduan konturatu da, orduan piztu zaio argia, eta pentsatu du: ni al naiz despistatua, ala arbolan txori bat txioka dagoela konturatu ere ez diren guzti hauek?

Lagunarteko afari batean, denak eztabaida sutsuan dabiltzan bitartean, Ines aurrean duen lagunaren mugimenduei adi dago: isilik, etengabe egiten die haginka azazkalei, begi-zuloak antzematen zaizkio, eta alboan duen senarrak hitz egiten duen bakoitzean ezpainak okertzen zaizkio, haren hitz bakoi-tzak hari fin batekin tenka egingo balio bezala. Beste guztiak eztabaidari adi dauden bitartean, Inesek ez dio begirik kentzen emakumearen begirada tristeari.

Halako batean, haren senarrak zuzen begiratu eta galdetu dio: "Eta zuri zer iruditzen, Ines?". Eta honek, halabeharrez: "Barkatu, zertaz ari zineten?". Barre egin dute denek, eta benetan despistatua dela entzun behar izan du. Baina, hala ere, aurrean duen emakumeak gaur ez bada bihar bere senarrari dibortzioa eskatuko diola antzeman duen bakarra Ines izan da. Izan ere, hodeietatik, handik goitik, askotan hobeto ikusten baitira bizitzaren tolestura guztiak.