Síguenos en redes sociales:

Desengainua

zaratak entzun ditu etxeko korridorean. Ohetik jaiki eta aita aurkitu du bertan, Olentzerori eskatutako opariak eskuetan egongelarantz doala, oin puntetan. Zazpi urte ditu eta bizitzako lehen desengainua hartu du. Negarrez pasatu du gaua. Aita saiatu da hura kontsolatzen, hura besarkatzen saiatu da, baina umeak apartatu egin du besoekin, "utz nazazu bakean" esan dio, eta izaren pean ezkutatu da. Aitak mina sentitu du txistua irenstean. Eta izaren azpiko tontorrari begira etsipenez pentsatu du: "Ongi etorri benetako bizitzara".

Umeak desengainua hartu du baina aitaren mina sakonagoa da, ondo baitaki haztea, hein handi batean, desengainuak pilatzen joatea dela. Semea zoriontsua da eta ziurrenez heldua denean ere zoriontsua izango da, zergatik ez, pentsatu du aitak, baina bidean lokatzez beteriko putzu asko zapaldu beharko dituela ere badaki. Eta putzu batzuetako hezetasuna galtzerdietara arte heltzen da.

Desengainua sentipen mingarrienetarikoa da. Bai, gorrotoak ere min ematen du, baina gorrotoak zerbaiten kontra bada ere, aktibatuta gaudela sentiarazten gaitu; gogo falta sentitu dezakegu, baina atseden hartuz gero edo ilusioz betetzen gaituen bidaia bat egin ondoren bizi poza berreskuratu dezakegu; inbidia sentitu dezakegu, baina barruan sentitzen dugun urradurak bizirik gaudela adierazten digu; desamodioaren biktima izan gaitezke, baina esperientziak erakutsi digu denborak zauriak sendatzen dituela, nahiz eta batzuetan ezinezkoa iruditzen zaigun. Baina desengainuak gauza txar bat dauka: behin sentituz gero, ez dago atzera bueltatzerik.

Osasuntsuagoa da lagunarekin haserretzea, harekin desengainua hartzea baino. Haserrearen ondoren bakeak egitea etorri daiteke, baina desengainua irtenbiderik gabeko kalea da. Desengainuak ilusioaren puxika lehertzen du. Eta nahiz eta aspaldi utzi genion ume izateari, oraindik ere, ilusioa behar izaten dugu noizbehinka gure bihotzaren taupadak azkartzen direla sentitzeko.