Rara avis
ez da ohikoa kaletik oinez bakarrik doan norbait irribarrez ikustea. Kaletik goazenean denok hartzen dugu pertsona serioen keinua, pertsona tristeena esango nuke nik, kopeta tximurtuta, begiak urrunean iltzatuta. Ez dakit antzekorik gertatu zaizuen, baina nik izan dut irribarrez joateko gogoa inoiz, baina konturatu barik zentsuratu egin dut nire pozaren agerpena eta keinua zuzentzera behartuta ikusi dut nire burua, ez dezaten pentsa drogaturik noala edo rara avis bat naizela.
Metroan, autobusean, jendeak izaten duen aurpegiari begiratuz gero, benetan eszena penagarriak ikusten dira: kezka, tristura, logura, espresio eza... Ez da ohikoa ikustea leihotik begira irribarrez doan norbait. Eta hemen zalantza sortzen zait. Ez dakit gure barne-poza zentsuratzeko beharrak eragindako mozorroa den erakusten dugun hori, edo, aldiz, halako lekuetan, aurpegia erlaxatzean, gure arima eta gure benetako egoera agertzen den bertan. Egia azken hau bada, benetan tristez josita dago mundua.
Baina nik esango nuke lehena dela aurpegi serio edo espresiorik gabeko horien arrazoia. Izan ere, badago inon idatzita ez dagoen lege bat, jende ezezaguna biltzen den lekuetan aurpegi estandarra erakutsi behar dugula esaten duena. Eta lege hau guk uste baino lurralde urrunetarago heltzen da. Izan ere, estandarra izatearen obligazioa barne-barneraturik dugu txikitatik, hezkuntza sistema horren adierazle garbia da. Izan zaitez normala, esaten diote begiradarekin gurasoek semeari edo alabari. Eta zer da normala izatea? Bada, atentzio gehiegirik ez ematea: artaldean ardi beltza ez izatea, baina ezta ardi politena ere, badaezpada.
Horregatik pozten naiz hainbeste norbaitek denek barruan dugun rara avis hori beldur barik ateratzen duenean: Gaurtik aurrera, Gasteizko Ignacio Aldecoa kultur etxean, kaletik irribarrez joateko inolako konplexurik ez duten lau emakume ilustratzaileen erakusketa gogoangarria: Arrazola, Jalón, San Vicente eta Mosqueraren Rara avis.