Síguenos en redes sociales:

Postalak

gARAI batean, 20 urte ingururekin, Eguberrietan abesten zenuen gabon-kanta bakarra Feliz falsedad zen, Soziedad Alkoholika taldearena. Gabonetako garaiak alergia ematen zizun. Botaka egiten hasteko modukoak iruditzen zitzaizkizun leiho eta balkoietako gabonetako argiak, zoroen antzera erosketak egiten zebilen jendea, zinematan eskaintzen zuten Gabonetako kartelera jasangaitza... Eta hara, ez dira hainbeste urte pasatu ordutik eta gaur Eroskin zaude, gabonetako arbola besapean, argitxoen poltsa eskuan, ordaintzeko kutxaren ilaran itxoiten. Zer gertatu da? Zerk eragin du transformazio hau? Eguberrietako izpirituak harrapatu al zaitu? Ba ez. Ez guztiz. Aita zarela gertatu da.

Aita zarenetik, akabo zure printzipioak. Salduta zaude. Ordura arte inork lortu ez zuena, zure seme-alabek lortu dute. Eta umeen amari berdin gertatu zaio. Garai batean ile-gandorra zeraman emakume berak -Gaztetxeetako garai hartan ezagutu zenuten elkar, biak punkiak zinetenean-, gaur postalak margotzen ditu tenperaz, bere seme-alabekin batera, familiako kidei bidaltzeko. "Zorionak eta urte berri on", idazten du, noizbehinka sudurraren hegalean duen zulotxoari hazka eginez. Aspaldi kendu zuen han zeraman uztaia, baina oraindik antzematen zaio zulotxoa, eta noizbehinka kili-kilia egiten dio, zulotxoak nor izan zen gogorarazi nahiko balio bezala.

Postalak idatzi, etxea gabonetako apaingarriz bete, Olentzeroren kalejiran saltoka abestu? Gabonetako hooliganak ematen duzue, kanpotik begira behintzat, baina, hala ere, ez duzue sentitzen zuen printzipioen kontra zoaztenik, izan ere, aitzakia ederra duzue. Nigatik ez nuke ezer egingo, baina badakizu, umeei ilusioa egiten die? eta horrelakoak esan eta listo.

Gaur, baina, Eroskiko ilaran zain zaudela, galdera bat egin nahiko nizuke: Eta aita izan ez bazina? Feliz falsedad kantatzen jarraituko al zenuke gaur, ala Evaristoren Punki de postal, sabela turroiz eta polboroiez beteta?