2025eko abenduaren 3an, 10 urte bete dira Pako Garmendia hil zela. Egun horretan, bere etxekoak, lagunak, lankideak eta ikasle ohiak (tartean Imanol Pradales Lehendakaria) Deustuko Unibertsitateko Donostiako Campusean elkartu ginen bera eta bere pentsamendua eta irakatsiak gogoratzeko.

Unibertsitateko Gradu Aretoa goraino beteta zegoela, Kristina Zabalak (Deustuko Unibertsitateko irakaslea) ekitaldia testuinguruan jarri zuen. Juan Jose Etxeberriak (Deustuko Unibertsitateko errektorea) Pakok Deustuko Unibertsitatearekin 34 urtez izan zuen harremanari buruz hitz egin zuen. Xabier Barandiaranek (Deustuko Unibertsitateko irakaslea) Pakok landu zituen herrigintzari buruzko hainbat kontzeptu argitu zituen. Eta Pedro Migel Etxenike gaztetandik Pakorekin eta Pakoren etxekoekin izan zuen harremanari buruz aritu zen. Omenaldi horren baitan, Oreki Fundazioak bultzatu duen Pako Garmendia (1946-2015): Burujabetza, Etika eta Elkarbizitza. Euskaldunon Egunkariako Iritzi-artikuluak (1996-2001) liburua aurkeztu nuen.

Liburu horretan, Pakok Euskaldunon Egunkarian 1996tik 2001era argitaratu zituen 133 iritzi-artikuluak aurkezten ditugu. 

Interesgarria iruditu zaigu artikulu horiek guztiak batera berrargitaratzea. Alde batetik, Euskal Herriak 1990eko hamarkadaren bukaeran eta 2000ko hamarkadaren hasieran bizi izan zuen egoera politiko eta soziala ulertzeko informazio asko ematen dutelako. Eta bestetik, artikulu horietan Pakok agertzen dituen iritziak, gogoetak eta pentsamenduak oso interesgarriak, iradokitzaileak eta baliagarriak direlako gaur egun ere. 

Intelektual handia izan zen Pako. Euskal gaiei, euskal herrigintzari eta Euskal Herriaren erronkei buruzko gogoeta sakonak eta iradokitzaileak egin zituen bere irakasle-ikerlari bizitzan zehar. Baina, batez ere, ekintzailea izan zen. Berak esatea gogoko zuen “ekin-egin-eraginean” aritu zen bizi guztian.

1964an, 18 urte zituela, euskal kulturaren, euskararen eta ikastolen alde lanean hasi zen, eta hortik aurrera era askotako ekimen, fundazio, elkarte, ikerketa eta egitasmoak bultzatu zituen, beti ere, Euskal Herriak zituen erronka garrantzitsuenei behar bezala erantzuteko irizpideak emateko helburuarekin.

Pakoren pentsamenduan oso garrantzitsua da burujabe kontzeptua. Berak zioen bezala, gizakiok geure buruaren jabe izan behar gara. Izan ere, bakoitza bere buruaren jabe den heinean, eta besteen burujabetza eragozten ez duen neurrian, lortuko da herri burujabetza: “Erantzukizunaren jabe izaten etxetik hasi behar da, hori baita auzo bizitza sendotzeko oinarria. Etxea eta auzoa, norbera izateko barrutiak dira. Etxeak beren buruaren jabe ez badira, galduta dago auzoa. Etxe bakoitzak auzoari zor dion lana ukatzen badio, auzoarenak egin du eta, beraz, baita etxearenak ere, gerra nagusituko baita”.

Lana da bere pentsamenduaren oinarrian dagoen beste balio garrantzitsua. Pakoren ustez, lana da geure buruaren jabe izateko ezinbesteko baldintza. Eta lanaren jabe izateko, ezagutzaren jabe izan behar gara; edo berdin dena: unibertsitateak, eskolak edo ikerkuntza ondo kudeatu behar ditugu.

Eta lanari lotuta, auzolanaren ideiak ere garrantzia hartzen du bere pentsamenduan. Pertsona bakoitza, etxe bakoitza eta herri bakoitza burujabe izan behar da, baina auzotarrekiko zorra inoiz ahantzi gabe.

Elkarbizitza ere balio garrantzitsua zen bere pentsamenduan. Eta hori horrela zen, besteak beste, iritzi-artikuluak idatzi zituen urteak (1996-2001) oso nahasiak eta istilutsuak izan zirelako elkarbizitzaren ikuspuntutik: ETAren atentatu eta bahiketak (tartean Pakoren laguna zen Joxe Mari Kortarena); hauteskunde lehiakor eta zalapartatsuak; alderdi politikoen arteko liskarrak; abertzaleen eta euskal erakundeen aurkako adierazpen gogorrak...

Pakoren ustez, elkarbizitza ziurtatzeko, ezinbestekoak dira elkarrizketa, hitz egitea eta ituna: “(...) ni neu ez naiz Hobbesek sortu zuen Leviathan-en aldekoa, baizik etengabeko elkarrizketa eta itunaren aldekoa, alegia”.

Etika ere gogoeta-gai garrantzitsua zen bere pentsamenduan. Herri gisa aurrera egiteko, ezinbestekoa da etikaren bidea hartzea. Gizakiak ez baitu bere buruaren nor izanari eusteko modurik, nolabaiteko ethos baten jabe izan gabe, alegia, bere jokatzeko ahalmenari mugaren bat edo beste ezarri gabe. Pakoren artikuluak elkarbizitza ahalbidetzen duten printzipio, balio eta jokabideen aldarrikapenak dira. Eta ethosaren edo etikaren bidean, Pakorentzat eredu dira, bereziki, Jose Maria Setien eta Jose Antonio Agirre.

Eta burujabetzaren, bizitzarekiko jarrera etikoaren eta itunaren bideak nahitaez garamatza demokraziara. Pakoren ustez, elkarbizitza ziurtatzeko ez dago beste aukerarik demokraziaren haritik bidea egitea baino. Izan ere, demokrazia ez da helburu bat, bide bat baizik. Burujabetzan, elkarrekiko zorrean, itunean, mugak dituzten jokabideetan eta gehiengoaren borondatean oinarritzen den bidea da.

Asko gogoratzen gara Pakotaz. Bere pentsamendua, eskuzabaltasuna eta aholkua faltan botatzen ditugu. Abenduaren 3an egin diogun omenaldia eta bere iritzi-artikuluekin argitaratu dugun liburua bera gogoratzeko eta berarekiko izan genuen miresmena agertzeko modu bat da. Egiaz maite duguna, ahaztuko ez zaiguna.