Euskararen jauziaren premia
Jauziaren tamainak erabakiko du 2036an zein herri izango dugun: euskara bazterrean uzten doan herri bat ala hizkuntza biziberritua ardatz duen nazio bizi bat...
Euskadi Telesforo Monzon laborategiak antolatutako uda eskolak euskararen etorkizunaz gogoeta egiteko plaza beroa ekarri zuen Bergarara. Hasieran, Garikoitz Goikoetxeak eta Olatz Altunak euskararen egungo egoera eta etorkizuneko joerak marraztu zituzten, eta horren gainean aritu ziren gero hiru solaskide nagusi: Jon Sarasua, Euskararen Gogoetaguneko koordinatzailea, Idurre Eskisabel, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia, eta Josu Aztiria, EH Bilduko legebiltzarkidea. Saioan parte hartu zuten Iñigo Urrutia eta Miren Zabaletak legelariek ere. Saioa arrakastatsua izan zen, jendetza hurbildu baitzen, eta eztabaidak argi utzi zuen kontsentsua dagoela: euskarak jauzi bat behar du, gaur egun egiten ari denarekin ez delako nahikoa.
Ondorio nagusietan azpimarratu zen hizkuntza politika berri baten beharra dagoela, izan ere gaur egungo politikekin ez da lortuko euskararen atzeraldiari buelta ematea. Politika berriak ausardia behar du eta errealitate soziolinguistikoari eta joerei zuzenean heltzea. Hizkuntza politika berri baten premia azpimarratu zen. Politika berri horrek behar du, besteak beste: euskararen ezagutza unibertsalizatzea; arnasguneei begirako politika integral eta berezitu bat diseinatzea etorkizunean biziraun dezaten eta euskararen erabilera bizi eta eraginkorra bermatzeko; euskal administrazioen lan hizkuntza euskara izatea eta horrela euskal administrazioak arngasune funtzional bihurtzea; lan munduaren euskalduntzea sistematikoki bultzatzea; hezkuntzak euskaldun osoak sortzea ziurtatzea; eta horrekin batera aisialdi arloan jauzi kualitatibo bat ematea. Batez ere, euskara eta boterearen arteko harremana irauli eta irudi sendotzaile bat eskaintzea. Euskara ez da periferikoa, gure nazioaren zedarra baizik, gure komunitatea eusten duen bizkarrezurra. Era berean oldarraldiari aurre egin eta hizkuntza politika berria garatzeko euskarak lege oinarri berria behar duela azpimarratu zen, gaur egungo marko juridikoa gainditu eta hizkuntzaren normalizazioa bermatuko duen babes sendoa lortzeko.
Bildutakoen iritzian egiturazko neurriak ere beharrezkoak dira: hizkuntza politika sail propio bat sortzea Generalitatean dagoen moduan, lan mundua euskalduntzeko egitura sendo berriak martxan jartzea, adimen artifizialaren eta hedabideen esparruan euskararen normalizazioa bermatzeko tresna berriak sortzea, eta hezkuntza, aisialdia, migrazioa, administrazioa eta teknologia bezalako eremu guztietan euskararen presentzia sendotzeko egitura egokiak garatzea.
UEMAren enkarguz Siadecok egindako 2036ko proiekzioak argi dio: ezer aldatu ezean, euskararen biziberritzea beheranzko bidean doa. Proiekzio honek ez du etorkizuna zehazten, baina bai gaur egungo joeren inertziaz abisua ematen digu. Guztiok aitortu dugu jauzi baten premia, baina askotan ez gara ohartzen beharrezkoa den jauziaren tamainaz. Euskararen biziberritzea ez da soilik hizkuntza politikaren kontua izango. Politika ekonomikoak, gizarte politikak (hala nola harrera edo natalitateari zuzenduek), lurralde antolaketa eta trantsizio ekosozialari begirako politikak ere erabakigarriak izango dira euskararen bilakaeran, hauek nolakoak halakoa euskararen biziberritzean eragina. Horregatik, hizkuntza politika berria baino gehiago, nazio politika osoa beharko da.
Beharrezkoa dugu ariketa prospektibo bat egitea: norabide hori aldatzeko zer neurri zehatz eta egiturazko behar ditugun definitzea arlo guztietan. Nazio politika koherente bat garatzea. Eta hori euskararen biziberritzea erdigunean jarrita egin behar da. Metafora argi batek laguntzen du hau ulertzen: euskarak minbizia badu, zaintza paliatiboa ez da nahikoa izango. Eraldaketa sakona behar da, eta horrek alderdi abertzaleak lehenik interpelatzen ditu, euskal nazioa sinesten dutenak, ondoren besteetara zabalduz kontsentsu aukera. Azken batean, jauziaren tamainak erabakiko du 2036an zein herri izango dugun: euskara bazterrean uzten doan herri bat ala hizkuntza biziberritua ardatz duen nazio bizi bat...