Síguenos en redes sociales:

Iritzia

Isidro Ansorena: 50 urte

Usted dut, Tagorek zioenez, Natura askoz hobe mintzatzen dela txori baten kantuan kañoien eztandetan baino

Isidro Ansorena: 50 urteKaixaBank

Isidro Ansorena 1975.eko abuztuaren 20an hil zen, orain 50 urte. Euskal Herriko Txistulari Elkartearen Urrezko Domina eman ziotenean, eskertza hitzetan honela esan zuen:

Usted dut, Tagorek zioenez, Natura askoz hobe mintzatzen dela txori baten kantuan kañoien eztandetan baino. Uste dut herri baten ahotsa artean hobeto bizi dela bere historiako orrialdeetan baino, horiek gizon eta klase menperatzaileek hainbesteetan antolatu izan baitituzte, euren interesekin arduratuagoak herriaren bizitzarekin baino. Herria izan da historiako isil handia, baina, artean, berak du ahots nagusia. Eta atzo gure herriaren boza entzun genuen. Denok entzun genuen eta horretxek hunkitu gintuen. Txistu batek jo dezan bitartean, euskarazko hitzik entzun dadin bitartean, gure musika batek begiak lausotu diezazkigun bitartean, izaten jarraituko dugu. Agur, lagunok!

Soilik hamabi urte arte ibili zen eskolan eta hortik aurrera igeltsero eta txistulari lanetan jardun zuen. Aurrerago Udaletxeko bulegoetan. Haren curriculumean ez zen beste ikasketarik agertzen. Baina bizitzatik, etxean eta kalean, zuzenean ikasteko izan zuen gogoak eskolarik onena eman zion.

Soldaduska San Telmo kuartelean bete zuen, egun museoa dagoen horretan, eta makina bat guardia burutu Kañoietan Plazan. Aste Nagusiaren hasiera kanoikada batez markatzea ez dut uste gogoko izango zuenik. Lehendik ere ez al du ba nahikorik hartu gure Donostiak! Tolosarra zen alkate baten kapritxoa izan zen, Ramon Labaien, bera soldadutxoen oso zalea zelako. Eta betidanik Pastelero deitzen zen abestiari Artillero goiburu jarri zioten. Hain zen ederra pastelero zaharraren eta Praisku mozkorraren alaba gaztearen arteko amodio kontua! Orain, ordea, artilleroa protagonista. Zer nahiago, pasteleroaren gozoa edo artilleroaren kanoikada eta zarata?

Egia da, baina, artilleroarena ongi uztartzen dela Donostiako oraingo festen eta egunerokoaren buila neurrigabearekin. Inork jarri omen du salaketa eta eskaera su artifizialak programatik ken daitezen, animaliei sufrimendua sortzen dielako. Arrazoi gehiago aipa litezke: nola kutsatzen dituen Kontxako urak, suteak eragiteko arriskua… Baina gaisoa hiritarra itxaropenik badu Udaletxean kasu egingo diotenik. Zaraten kontuan Ordenantza barregarria onartu zuten eta hortik aurrera… Hor konpon, hiritar on! Parte Zaharreko Auzo Elkarteak urteak daramatza auzoko zarata kontrolatzen has daitezen eta kasurik ez egiteaz gainera, handiagotzeko kolaboratzaile paregabea da “gure” erakundea. Bada DJ ezagunxe bat, ia urtero Udalak Aste Nagusian kontratatzen duena garraisi betean honela errepikatzen zuena: ¡Que se quejen los vecinos!

Eskaera egin duen hiritarrarekin ni erabat ados, batez ere kontuan hartuta donostiar gehienak ere animaliak garela, batzuk arrazionalak. Oraingo alkate donostiarrak eskaera horri erantzun dio su artifizialen lehiaketa orain 60 urte ospatzen hasi zela, beste hirietan ere antolatzen direla eta, eskaera onartuz gero, agian dena bertan behera utzi beharko litzatekeela. Azken horren tentagarria! Hurrengo udal hauteskundeetarako programan su artifizialik eta festetako antolamendu zaratatsurik ez egitea jartzen duen hautagaiari emango diot botoa. Odón Elorza, ziurtatu didatenez, prestatzen ari omen da berriro alkategai aurkezteko. Ideia erregalatzen diot. Gainera, azken urteetan, eta itxuraz gehiagora joango da, hainbeste suk jaten gaituztelarik, ez al da makabro samarra su artifizialetan dirua gastatzea, arriskua handiagotzea eta gure jendeak horretara ohitzea? Suak Igeldo, Urgull edo Ulia erre arte itxoin behar al dugu? Ponpeian bezala hil nahi dugu nonbait. Erregalatu hiritar bakoitzari kaleidoskopio bana eta hortik begira dezatela.

Kanoikada ederrak botatzen ari zaizkio euskarari, epaileak eta laguntzaileak. “Ez dira ari euskararen aurka”, horixe diote eurek eta sindikatu salatzaileen ordezkariek. Gezurra. Gerra txikitzaile luzearen ondoren, zapaldutakoaren alde egin behar da. “Diskriminazio positiboa” deitzen zaio eta hori ez egitea aurka jardutea da. Gaza txikitu eta juduez bete ondoren, zer eskatuko du han Netanyahuk, hebraiera eta arabiera palestinarraren hizkuntzen arteko berdintasuna? Ez pentsa hizkuntzaren kontua bigarren mailakoa denik. Beste askoren paraleloan doa beti: emakumeekin, homosexualekin, pobreekin, etorkinekin, zarata sufritzen dutenekin… askotan ibili da bide bera historian. Ez gara jabetzen guzti honek duen arriskuaz. Berandu etorriko zaigu damua.

Kontua ez da bakarrik hitz politak esatea. Gasteizko jaietako Zeledonen hitzak irakurriz gero, irudituko zaigu agian, ederki ekarrita zeudela. Baina esanda ez, garraisika botatakoak ziren. Azpian zegoen jende aldra ere eztarria urratuz zebilen eta litroka garagardo zurrupatzen. Negozio irrika aseezinak zabaldutako jaien eredu eroaren kontua oso garesti ateratzen ari zaigu. Osakidetzak dagoeneko agindu du azterketa sakona egingo duela nolako eragina duten jendeen egoera sikologikoan, eztarrietan, entzumenean eta besoetan. Nonbait basoa eskuetan hainbeste orduz eramateak esginze ugariak sortzen ditu.

Txoriaren txorrotxioak ia ez dira entzuten gure herrietan. Aldiz, kanoikaden edo an-tzekoen burrunba gero eta gehiago. Isidrok esango zigun: Zuek bai padera kirtenak!