1854 urteko san Antoniotan, Urkiolan milaka ikusleren aurrean abestu zituen Iparragirrek bere kanturik mitikoenak, “Gazte gastetatikan”, “Gernikako Arbola”…Gure bihotz barrenean betirako itsatsita geratu diren gertakizun aipagarrien jabe izan bait zen urretxuarra, bizipenez jantzitako izakera bitxia duen horietakoa. Bidaiari amorratua, ipurtarina; joan-etorriaren ibilkera geldiezinak zerabilkion izpiritu hegalaria.

Bere bizitzaren joan etorriak, inbentzioa izan zitekeenaren itxura dute. Gertatu barik norbaitek idatzi izan balu, zaila zitzaigukeen hori egia izan zitekeenik sinestea. /Gazte gaztetatikan herritik kanpora/ Etxetik aldentzea zen bere patua, bizipen edo paradisu berrien bila beti, joan beharraren premia eta joan ahala herrimina, bere gaitzik handiena eta saminik gordinena. Deserriratutako gizona genuen Iparragirre. Bitoriano Gandiagaren”Nahiaren edari gordin heldu ezinez egina” edota Kartzakorta idazle bizkaitarrak zioen arabera: “etxetik atera ondoren ikusten da etxeko edertasuna”.

Europan zehar urteetan ibili ondoren “egun batean pobre, beste batez jauna”. 1848an, Europa osoan eragin zuten Herrien Udaberrien iraultza erromantiko eta anaitasunezkoan hartzen du parte. Gernikako haritza, frantsez iraultzaileen artean “Askatasun Zuhaitzen Ama” kontsideratzen zen. Eta hala bazen, zergatik ez ba kantatu berorrek irudikatzen duen askatasunari?

Iraultza, kantu eta zuhaitzen esanahien bidez egin liteke. Herrien Udaberria deitua izan zen herrien anaitasunezko festa hura. Hizkuntza eta nazioen gainetik, herriak anaiak dira guretzat eta tiranoak etsaiak.

Eta giro bizi hartan, gitarra lagun eta bihotz sentiberaren taupadaz, sortu zituen Gernikako Arbola kantuaren lehen notak. Bere kantuak, ibileraren eta sentipenen kronikak ditugu. Herriaren buru-bihotzetan uztartuak izan direnak. Herri hizkeraren indarra eta arima bereganatzen eta kanporatzen jakin izan zuen Iparragirrek, eta ez du galdu gaurkotasunik. Euskaldun on guztiak laurak batean, betiko bakean...ez dugu nahi gerrarik anaien artean- edota zabaldu bedi anaitasuna, amoriozko kantuak, guzientzat du itzal ederra gure arbola santuak.

Iparragirreren gertakizun handien artean jarri behar dugu Urkiolan izandako kantaldia;egun hura erabakiorra izango zen bere bizitzaren norabidean. Iparragirreren kantuek, bihotzak mugierazi eta grinak sorterazi zizkien Urkiolan zeuden 6.000 ikustentzunleei, Gernikako Arbola kantua entzutean, txapelak burutik jaso eta han belaunikatu ziren erromes guztiak.

Arabatik Madrileko gorteetarako zen diputatu nagusiak, Pedro Egañak, Urkiolan gertatukoaren berri azaltzen du Madrilgo Gorteetan. Lasterrera gure kantariak bere bitzitzako bigarren desterrua bizi izango du. Ez etortzeko gehiago probintzi honetara/Orduan artu nuen Santander aldera.

“Gobernuak ondo egin zuen gizon hura bere herritik aldentzean, zeren eta bere sentimenduak bihotz onekoak eta ulerkorrak ba ziren ere, oso arriskutsuak izan zitezkeen”, zioen Pedro Egaña diputatuak.

Urte batzu lehenago, Frantziako Toulusen La Marsellesa kantatzeagatik aldendu izan bazuten, oraingoan, Tolosan erabakiko zen bere erbesteratzea.

Eta Iparragirreren patua horixe izan zen batzutan bere nahiez, besteetan halabeharrez. / Negar egingo luke nere amak baleki / Zenbat ostatu, zenbat amorio, zenbat kale-mendi eta herrialde pasa ote zituen? Batzutan irri eta ezti eta besteetan gaitzaldi eta etsipenez beterik.

Euskalherriko hodeitan bere irudi erromantikoa geratu zaigu, maitatua eta lillurakorra. Nobela bizi eta eder askoren protagonista, akats eta birtute guztien euskal gizona. Zoro edo aintzindari, zozomiku edo ameslari, jakintsu edo miragarri. Euskal gizon antitetikoa esango du Willian Douglasek, baina Iparragirreren izaerak erakarpen berezia izan du euskaldun ororentzat.

Berak lekzioa ondo ikasia zuen. Gazte nintzalarik irakurri nion filosofo bati, “Alaitasunak ontasuna dakar; tiranoak oso serio eta formalak baitira” Nik ondo ikasia dut: goizetan harakinaren lagun naiz, eguerditan apaizaren lapikoa dut gogoko eta gauean markes baten afari ondoan topatuko nauzu.

Beraz, Iparragirrek san Antoniori ez zion andregaiarik eskatu beharrik izango, zeren libre jaio danak, libre bizi behar du zioen.

Baina ez zen izango dena ohorea eta gloria bere bizitzan, noraeza eta egun larrriak gehiago izan ziren. Urterik gehienak etxetik kanpo, eta etxekoengandik urrun egoteak sortuko dion saminduria ez da nolanahikoa Hogei urte luzez, Amerikako belardi luzeak isilunea bihurtzen zitzaizkion Iparragirreri. Arrosa arantza bihurtzen hasia zen eta sorterrirako itzulera desiratuko du. Tristezia latz batek irensten dizkio bere gogoak, atsekabea eta ezinegona sentituko du arrotz den lur haietan .

Halaxe herriratuko da, eta ahalegin ugari egin arren, babes pobre baten limosnatxoa jasoko du, ez sendiak ekartzeko haina. Eta han bihotzaren urraduran, heriotzaren atarian madarikatu izango ditu gohiak eta beheak eta bertako agintarien laguntza ustelak. Iparragirre, ohorezko kantu galtze bat izan zen, bere lurrak eman ziezaiokena badu. Eta gaur XXI. mende honetan, egitandiko irudi librean joan doa eta etorri dator, nahitaezinezko herri honetan dabil, bizar eta guzti, geroaren aintzindari, euskal zeruan koplari.

Aipamen ederrak bota zizkigun Iparragirrek, gaur ere baliogarri zaizkigunak: “Alkar gaitezen anai maiteak/ Alkartzea da indarra / Zuri begira daude Arabar, Gipuzkoa ta Nafarra / Bizi pakean laurak batean / Errespetatu arbola/ Arrotasunik batere gabe/ euskaldun zarrak bezela”.

Euskara ardatz eta bizipen izan zuen bere ibiladietan, Amerikan ia hogei urtez egon ondoren etxerako itzuleran, euskararen beherakada sentitu zuen bere zainetan eta gaur ere gogoan dugun honako hau idatzi zigun: “Ez bedi galdu euskera nere anai anaia maiteak, galtzen badegu galduak gera gu eta gure semeak”.

Iparragirreren obra bere bizitzaren sinopsia dugu, eta bete gabeko itxaropenen artean, mitifikazioaren eta mistifikazioaren artean, orainak ez dezala bere memoria irentsi. Abeslaria