utan jartzian probatutzen da?nolakua dan eltzia

Txirritak bazekien zerbait. Egoerak eta harremanak bihurritzen direnean ikusten da bakoitzaren maila eta heldutasuna, harremanen zinezkotasuna. Gure inguruan gertatu izan diren zatiketa politikoek ere horixe bistaratu izan dute. Ez dira errazak zatiketak. Beste espaloian geratu denari egozten zaizkio ardurak eta erruak; norberarentzat aldarrikatzen da esentzia, benetakotasuna. Baita ondasunak ere.

Ezker Abertzalearen enbor adartsua lehen ere ezpaldu izan da, eta ezpal bakoitzak eman dio min. Ondorioak dramatikoak izan dira batzuetan. Halere, sare sozialen garaia izaki -eta liskarrak baretzeko ahala zuen erakunde armatua deseginik egoki-, inoiz baino bistakoagoak dira zatikien arteko txinpartak. Espresuki bilaturik ere, nekez aurki daiteke eztabaida ideologiko sakonik. Gutxiespenak eta irainak dira nagusi, zorigaitzez: matoi, makarra, lapur, sasi-sozialista, koldar, kapitalista, akomodatu, burokrata, erreformista, espainol jakobino...

Asteon Donostiako Parte Zaharrean jazoak sobera karikaturizatzen du afera, beste zenbait aiekatako so-egileen gozagarri. Ez dira, baina, ika-mika puntualak. Gertakariok maizegi eta leku gehiegitan errepikatzen ari dira banaka batzuen ezinikusi pertsonalei egotzi ahal izateko: Arrigorriagan, Bilbon, Hernanin, Gasteizen...

Zatiketen osteko ahalegin ohikoa izaten da desberdintasun ideologikoak hanpatzea. Horrek elkarren etsai nagusi sentitzeraino eramaten baditu, ideologiak eta jardunbideak izango dira kaltetuenak, eta bide bazterrean galtzen dena ez da beti berreskuratzen. l