Síguenos en redes sociales:

Boxeoa, kirola?

Boxeoak galzori eta arrisku handiak dakartza. Hau da gure lana, gure grina. Sekula ez da nire asmoa izan nire aurkariari min ematea". Hauxe da Marie Pier Hule boxeolari kanadiarrak 2021eko irailaren 2an esandakoa, hain zuzen ere, Jeanett Zacarias Zapata mexikarra, bere aurkaria, hil eta bost egunetara egindako adierazpena.

2021eko abuztuaren 8an izan zen elkarren arteko lehia. Hainbestekoa izan zen basakeria, non epaileak lehiaketa bertan behera utzi behar izan zuen laugarren roundean, Janette Zacarias Zapataren egoera kritikoa zela eta.

18 urteko neska mexikarraren hanka eta eskuak kontrolik gabeko dardarak hartu zituen. Bertan zeuden medikuek konbultsioak zeuzkala ikusita, berehala eskatu zuten gertuko ospitalera eramatea. Koma egoeran sartu, eta bost egunetara hil zen neska gajoa!

Hasieran aipatutakoa adierazi zuen bere aurkariak, Jeanette Zacariasen heriotzaren berri izan zuenean.

Azaldutakoa kontuan izanda, boxeoa kirola dela esan genezake? Onartezina iruditzen zaigu gizonezkoen eta emakumezkoen arteko horrelako lehiak. Beti pentsatu izan dugu horrelako ankerkeriak gizonezkoen kontuak zirela, gure auzolotsarako. Irudiak ikaragarriak ziren: kolpeak aurpegian eta buruan, etengabean. Odol jarioak, ubeldurak, begirada erasokorrak, ikusleak (gizonezkoak eta emakumezkoak) algaraka eta pozarren, paranoia egoeran guztiak.

Bozgorailutik ari zen gizonezkoak, bi aurkariak animatzen, giroa berotzen. Ahari talken antzeko egoeran, elkar topeka, inongo errukirik gabe. Ez zait bidezkoa iruditzen horri kirola deitzea; izan ere, pertsona suntsitzen baitu. Adituen esanetan, honakoak dira boxeoaren ondorioak:

-Etengabeko kolpeen ondorioz, epe ertainean, arazo neuronalak sortzen dira kasuen %90ean. Bizkortasun mentala gutxitzea da ohikoena. Silvester Stallonek egindako Roky filmean, esaterako, egoera hau azaltzen da.

-Kolpe gogorren eragina ez da soilik mentala. Kalte fisikoak nabarmenak dira, bereziki, erretiroa hartzen dutenean.

-Ikerketa baten arabera, %90ek garuneko lesioren bat izango dute beraien kirolkarrera bukatzean. Jasotzen dituzten kolpeek burmuina substantzia kimikoz betetzen dituzte neuronen despolarizazioaren ondorioz. Borroka bakoitzean burmuinak jasaten duen kaltearen baliokidea honakoa litzateke: sei kiloko mailu bigungarrik batek 30 kilometro orduko abiaduran, 30 aldiko maiztasunez jotzearen baliokidea da.

Garunerako eraso hau urteetan pairatuz gero, kalteak konponezinak bihurtzen dira. -Hasierako sintomak hauek izaten dira: buru-arintasunaren murrizketa, mugimendu-koordinazioaren gabezia, pentsamenduak sailkatzeko zailtasunak. Denborak aurrera egin ahala, portaera psikotikoak ere ager daitezke, baita dementzia eta parkinsona ere.

Datuak esanguratsuak dira: boxeolarien %40 eta %80 entzefalopatia kroniko traumatikoak dituzte, eta %17k parkinsona. -Gaian aditua den Dick Swaab neurologo holandarrak honako hauek ere aipatzen ditu: hizkuntzaren nahasmenduak, epilepsia, begien mugimendu kontrolaezina eta mugimenduen ezegonkortasuna.

-Ikusmenean ere ohikoak dira kalteak, bat-batean edo modu mailakatuan ikusmen galerak izatea.

Aipatu ditugun ondorioak boxeolari ezagun askok pairatu dituzte: Mohamed Ali (Cassius Clayk) parkinsona izan zuen. Mike Tysonek ere buruko gaitzen ondorio, alkohol eta droga arazoak izan zituen eta sexu-indarkeriagatik espetxean eman zituen hainbat urte. Hildako boxeolarien zerrenda ere: Kevin Randleman, José Carvalho, Amokrame Sabet, Jordan Parsons, Ivan Cole, Amzar Subev, Mateus Fernández, Obeb Pereira, Perro Aguayo, eta Jeanett Zacarias.

Boxeolari gehienak jatorriz txiroak eta kultura-maila urrikoak izaten dira eta boxeoan egoera horretatik irtetzeko aukera ikusten dute. Batzuek esango dute norbanakoek askatasunez erabaki dezaketela bere ogibidea. Niri ordea gogorra, gogorregia egiten zait bi kide inongo errukirik gabe elkar kolpeka ikustea. Are gehiago aipatutako ondorioak kontuak hartzen baditugu. ETBk ere astero Boxeo izarrak izeneko saioa eskaintzen du. Kontuan izanda ETBk onartua duen kode-etikoa, ulertezina egiten zait kirola den aitzakiapean, horrelako programak emititzea. Ez da kirola, basakeria da. Gizonezko eta emakumezkoak laidoztatzen dituzte. Guztion erantzukizuna da era honetako ikuskizunak eta gaizki izendatutako kirolak ezabatzea. Ez dute ezer onik ekarriko, ez boxeolarientzat ezta gizartearentzat ere.