RTIKULU honen izenburua erabakitzean eta "zubigintza" hitza idatzi bezain pronto nire aita "Inosen" datorkit burura, garunera eta bihotzera. Euskaraz idaztea erraza ez zenean, 1965 inguruaz ari naiz nire aitak garai hartako "Zeruko Argia" izena zuen Kaputxinoen aldizkarian idazten zuen, ni 12 urteko mutiko bat nintzen, baina gogoan daukat nola idazteko makina zahar eta handi batean aritzen zen tekleatzen eta tekleatzen, amaitu bezain laster ni bidaltzen nituen Grosen bizi ginen etxetik, zubia pasa, eta Kaputxino elizan ez dakit nori emateko. Zubia pasatzen nuen bai, harantz eta buelta. Zubia. Horietako artikulu baten izenburua "Zubigintza" zen. Artikulu profetikoa hain zuzen. Euskaldunon arteko zubigintzaz ari zen, belaunaldien arteko zubigintzaz, euskarak ere bere zubigintza partikularraren beharra omen zuen (batua eta euskalkien arteko, "h"a eta abar), abertzaleen artean zer esanik ez. Zubigintzaz ari zitzaigun frankismoaren itzal erdian. Gero artikulu hori, eta beste batzuk, aurkitu nizkion bere heriotzaren ondoren eta gaurko "Argia"ra bidali hemerotekan gordetzeko. "Zubigintza", eta "zubigileak" noski, aitaren benetazko grinak.

Ez da lehengo aldiz hezkuntzaren inguruko gogoetari ekiten diodala, ezta azkenekoa ere ekingo diodanik, aldizka horren ingurua darabilt burua. Pentsatzen dut irakasle izan naizen urte luzetan galdera-zalantza-duda-muda izan ditudala nire garunean. Sarri datozkidanak hain zuzen. Uste dut hezkun-tza dela bereziki edozein gobernuk zaindu beharreko esparrua etorkizuna bera baitago jokoan. Eta horregatik nire iritziz politikaren zelaiaren liskarretik kanpo geratu beharrekoa. Alor honetan begirada luzea, auzolana, konpromisoa eta ardura ezinbestekoak zaizkigu, segregazioa, aniztasuna berdintasunean, hezkidetza, euskararena, elkarbizi-tza eta berrikuntza lantzean. Guztion ardura. Ez da inor soberan.

Behin baino gehiagotan aipatu izan dut Juan Carlos Tedesco Unescoko Bureau de L´Education bulegoko Zuzendari ohia izan zena hain zuzen: "Beti hitz egin izan da hezkuntzako krisiari buruz, baina oraingoa berezia da: ez dakigu zer irakatsi, ez nork irakatsi behar duen, ez zertarako". Hezkuntza formala eta informala. Erronka berriak eta erantzun egokiak bilatu eta aurkitu behar. Euskal gizartearen biharko eguna dugu jokoan. Euskadiren etorkizuna ikusmiran. Euskal Herri osoaren ibilbidea oso neurri handi batean jokoan dugu. Hezkuntza eta garai ezberdinen ezaugarri eta ibilbideak estuki lotuta daude, ditugu. Unean uneko edozein gizartearen beharrak eta erronkak baldintzatzen dute erabat hezkuntzaren gako eta funtsa. Ekingo diot ostera gogoeta berritu honi. Eta gaur, aitari esker eta etsipenari uko eginaz, zubigintza eta zubigileak gogoan,

Historia pixka bat egin dezagun. Egina nuen beste behin baita ere. Zinez, une zehatz batetik abiatuz XVIII. mendearen amaieran adibidez, lurrun-makinak, industria-iraultza bultzatuz, munduaren ikuspegia aldatu zuen: kapitalismoa zabaldu zen, langile-klasea azaldu, sozialismoa sortu, kolonialismoa hedatu e.a. Hala ere, makina horrek egin zuen gauza bakarra giharra ordeztea izan zen. Ordenagailuak, aldiz, burmuina ordeztu nahi du, eta aldaketa izugarriak eragin ditu gure inguruan. Jendeak argi ikusten du guztia aldatzen dabilela: testuinguru ekonomikoa, datu politikoak, ekologia-parametroak, gizarte-balioak, kultura-irizpideak eta jarrera indibidualak, baita hezkuntza ere, eremu guztietan. Informazio- eta komunikazio-teknologiek, baita iraultza digitalak ere, beste aro batera eraman gaituzte, eta aro honen ezaugarri nagusia da datu materiagabeak berehala garraiatzen direla eta esteka eta sare elektronikoak ugaritu egin direla. Internet dugu abian den aldaketa handi honen bihotza, bidegurutzea eta sintesia. Informazio-autobideek trenbideek industria-aroan izaniko esanahia dute gaur: harremanak biziagoaraztekoak eta ziztu bizian aldatuz doazkigunak.

Urte askotan izan naiz bigarren hezkuntzako irakaslea. Beti saiatu izan naiz gauzak ongi egiten, ilusio eta borondatea ikurrak, asmatuz dut eta erratuz. Uste dut ondotxo ezagutzen ditudala sistemaren mugak, eta jakin, jendeak zituen ziurtasunak galdu eta oraindik beste batzuekin ordeztu ez dituen garai honetan, nahasketa dela nagusi batzuetan eta batzuengan. Pedagogia-teoria kontraesankorren zurrunbiloa jasan izan dut, moda psikologikoen desfileak ikusi ditut, eta hezkuntza-teorien karruselean ibili naiz. Ilustrazioak esan zuen eskola aska-tzaile handia zela; pentsamendu, nolabait esatearren, "sasi-aurrerakoi· batek eskolaren kontra egin zuen ideologia menderatzailea "kopiatzen" zuelako; ondoren moda "tekno-ekonomikoa", eta eskulan gaitu eta eraginkorra egiteko zeregina eman zion hezkuntza sistemari.

Baina eta beraz, zer irakatsi? Batzuek diote ?besteak beste José Antonio Marina pentsalari eta filosofoak? adimenaren ikuskera berri batean oinarritu behar dugula: zoriontasuna lortzeko baldintzak lortzeko tresna izan behar duela adimenak, ez jakintza-biltzaile huts. Ez dakit. Agian. Maite ditut erronka bakoitzak bere baitan daraman zalantza. Ziurtasun guztiak zalantzen esparruan kokatzen ditut aspalditxo. Bizi dugun garaia ez da informazioaren gizartearena, agian "ikaskuntzaren gizartearena" baizik. Ikaskuntza eten-gabeaz ari natzaizue, amaiezina, etenik gabekoa, hezkuntza-sistemak gizarte aurreratu eta aberats bateko oinarrizko egitura bihurtzen dituena. Ez gara ari digresio filosofikoei buruz, baizik eta bizitza-maila desiragarria diseinatu eta lortzeari buruz. Hezkuntzak bizitza-maila hobetzen lagundu behar du. Bizitza-maila onak, halaber, zoriontasun pertsonala eta bizikidetza duina izateko aukera handiagoak ematen dizkie herritarrei. Gure ekin-tza-eremua zabaltzen duen oro, gure trebetasun, jakintza, gaitasun, ohitura sortzaile, energia eta indarrak zabaltzen dituen oro, aberastasun pertsonal ordezkaezina da.

Ikasleen baliabide intelektual, afektibo eta kritikoak handitzea beharrezkoa da, zoriontsu eta onak izateko aukerak izan di-tzaten. Horrek, nola ez, lan-munduan sartu ahal izateko aukera ere hartzen du, aukerak dituen pertsona, duintasuna duen herritarra, ziurtasun ekonomikoa duen langilea: hezkuntzaren hiru adar. Gizarte paradigma aldatuz dabil: luzaroan defendatu izan da adimenaren zeregin nagusia ezagutzea zela, orain, agian ikasi dugu adimenaren zeregin nagusia portaera bideratzea dela bizi dugunagatik onik ateratzeko, iturri zaharraren ur berria.

Nortasuna garatzea da helburua eta ez enplegu eta mantenua lortzeko borrokarako gaitasun erabilgarrien alde bakarrik. Hezkuntzaren helburu bakarra ez litzateke izango pertsona merkatu-ekonomiak ezar-tzen dituen beharrizanetara egokitzea; aldiz, beste ororen gainetik, inguruan duen mundua kritikoki ezagutzen lagunduko eta autonomia pertsonalaren oinarri den multzoen adimena berritzen ere lagunduko du, horrela aberastasunaren sorkuntzan eta banaketa justuan parte hartzen lagunduko duena. Errotik saiatu behar gizarte-ezberdintasunen aurka zeren haurrak bizitzaren hasieratik bereizten baitira ekonomikoki hoberen eta ahulenen artean. Zaila? Jakina. Erraza ez, bai lorgarria.

Saia gaitezen akordioak lantzen, adostasunak ehuntzen, ezberdinen arteko uste eta iritziak begirunez eta errespetu osoz kontrastatzen eta lasai eztabaidatzen. Paktua eta akordioa beharrezkoa dugu, Hezkuntza Lege berri bat ate joka ari zaigu. Eman diezaiogun ba itxaropenari aukera berria. Ekin eta jarrai diezaiogun lanari asmoz eta jakitez. Ezina, ekinez egina egi bihur dezagun. Ireki diezaiogun akordioaren itxaropenari leiho zubigilea.

Onenak emateko garaiak dira. Hezkuntza akordiorako zubigintzan, adiskide, izan zaitez beraz zubigile eraginkor. Lortuko dugu guztion partaidetzarekin. Auzolanean. Hala bedi.