Badira nobelak argumentua ahoz norbaiti kontatuz gero erridikuluak diruditenak, baina irakurtzean beste zerbait eskaintzen dutenak. Hala gertatu zait Saizarbitoriak gazte literaturako bilduma batean argitaratu duen Miren eta erromantizismoa narrazioarekin. Argumentuak, bere biluzian, eman dezake nerabeentzako film erraz batena: institutuan hasi den mutil marokoarrak eta gelako bi neska donostiarrek osatutako maitasun-hirukia da funtsean, nobelan kontatzen dena. Ez ditu falta, gainera, nerabeentzako film eta serieetako topikoak ere (nesken arteko lehia, esaterako). Baina errealitateari behatzeko eta hura papereratzeko moduak eta begiradak beste norabait eramaten du anekdota edo estereotipoa nobelan. Esango nuke ugaltzen doala helduen literaturan esanahi literala bilatzea, mundu-ikuskera naifa saritzea; nobela honetan kontrakoa gertatzen da, aitzitik, badago samurtasunarekin batera ironia (pertsonaietan, elkarrizketetan), badago xehetasunei erreparatzera garamatzan narratzailea (seinalatzen diguna nola musu bat edo bi emateak ez duen esanahi bera), estilo zaindua (nahiz ez behar bezala editatua) eta anbiguotasuna, itxura batean hala ematen ez badu ere.

Azken urteotan izan du kezka idazle donostiarrak gazteekiko komunikazioa berreskuratzeko, haiei hainbat ideia transmititzeko. Asmo hori nabarmena da azken obran eta Saizarbitoriak ez dio uko egiten tesinobelari eta gazteei ikaskizunak transmititzeari. Izenburu ez oso erakargarriak ez du gezurrik esaten horretan: Miren protagonistaren bidez, erromantizismoaren inguruko hausnarketa nobelatua dakar liburuak. Eta hor dugu, nola ez, ikasleei erromantizismoa zer den azaldu eta haren kalteez ohartarazten dien irakaslea ere. Erromantizismoa ez dagokio, baina, maitasun ezinezko eta tormentatuari, edo ez horri soilik, zeren Mirenen erromantizismoak posible egiten baitu hein batean klase-diferentzia eta talka kulturala gainditzea, neskato autoktonoa Saidengana hurbiltzea. Nobela honek esplizitu egiten ditu klase-diferentziak eta helduen aurreiritzi zein jarrera xenofoboak migratzaileen inguruan, eta nik neuk eskertu dut desproblematizatutako aniztasun kultural naif bat aurkeztetik harantzago joan izana. Ordea, zalantza ere sortu zait helarazi nahi den tesiaren inguruan: Mirenen jarreraren erromantikotasuna azpimarratzean, jarreraren eraldatzegaitasunaz ala haren naiftasunaz, nerabekeriaz, ari zaigu liburua? Helduen aurreiritziak gainditu ala indartu egiten ditu nobelak?

Bigarren tesi bat ere badu liburuak, zoriaren eta ausazkotasunaren ingurukoa. Eric Rohmer-en eta James Joyce-ren zoriaren inguruko aipu banak zabaltzen dute eleberria, eta asko dira kasualitateak eta patuak egiten dituen txiribueltak nobelan, Lili eta biok-en bezala, bestalde. Zenbaitetan dibertsioaren mesedetan, bestetan sinesgarritasunaren kaltetan jokatzen du horrek, eta bestelakoan irakurlea eraman egiten duen narraziotik atera egin naute halako sinesgarritasun arazoek; zoriarekin dute zerikusia oztopo horietako batzuek, baina pertsonaien ekintzekin besteek (hijab-a janztea erabakitzen duen Klararena, esaterako), eta erreferentzia kulturalekin lotuak besteak (Pascal eta Rohmer 18 urteko gazteen hizpide?). Ordea, tarteka begitartea zimurtu arren, plazerez irakurri dut nobela, sinopsira murriztu ezin diren aurkikuntzak eskaintzen baitizkigu, fikzioarenak, alegia.