Era askotako sortzaileekin ditut harremanak, kantariekin, bertsolariekin, marrazkilariekin, idazleekin, nola ez, eta egokitu zait entzutea haien ahotik ezerez-konplexu batek bustitako komentarioak. Adibidez: "Atera dut disko bat inork entzungo ez duena". Edo: "Nik sei irakurle dauzkat, baina oso finak". Edo haietako norbait goraipatu dudanean artikulu batean: "Ez dakit merezi dudan, baina eskerrik asko". Eta nik beti sentitu izan dut, eta esan diet, burua altxa behar dutela, sormen oro beti dela gauza zaila, baina era berean handia, geuk hala uste gabe ere arrastoa uzten duena jende askorengan, garrantzia daukala jende askorentzat, haien bizitzako uneren batean eragin egiten dugula gure poema, kanta eta nobelekin, ez dezatela gutxietsi euren burua. Ez eurak behintzat; eta norbaitek gutxiesten baditu, ez sinesteko, ez barneratzeko gutxiespena, hori baita hizkuntza gutxituekiko erdeinatzaile profesional eta ongi ordainduen garaipenik handiena: erdeinatuak sinestea haren txikitasuna egiazkoa dela. Eta ez da. Ez baita.

Jarrera honen erroak non dauden aztertzen hasita, iruditzen zait sortzaileari kanpotik datorkion erantzunean egon litekeela arrazoi bat, erantzun gabezian, zehatzago. Baina ez da arazo pribatu bat, kolektiboa baizik; ez da pertsonala, publikoa baizik. Gure kulturari orokorrean eskaintzen zaizkion euskarri komunikatiboen eskasian dauka erroa eta errua. Sistemak ez du ikusgarri egiten gure kultura, salbuespen diren urteko data zehatz batzuetan ez bada.

Baina egunerokoan, jendeak ez du aurkitzen ahal euskal musikarik ia inon, ez tabernetan, ez afaltzen ari den jatetxean, ez telebistan, ez egunkarietan diskoen iruzkinik. Kantari eta talde zahar bikain haiei buruz ez da erreportajerik egiten, dokumentalik, memoria bermatuko duen lanik. Gaurko proposamen komertzialetatik landa ere, zerbait ezberdin eta urratzailerik egiten duen inor ez da promozionatzen. Nire heziketa analogikoak ez dit errazten interneten gertatzen denari begia jartzea, baina nago diagnostikoa bere horretan mantenduko lukeela sareak ere.

Literaturan berdintsu da, antzerkian ere bai, zer desertu bilakatzen diren herri eta hiriburuak uda osoan euskarazko antzerkiarentzat! Margolariak, poetak, eskultoreak, are ezkutatuagoak daude. Haien bizitza zertan den, zer ari diren ez zaigu ia inon kontatzen, eta gutxiago masiboagoak eta publikoak diren hedabideetan. Eta ikusten ez denak, ezagutzen ez denak, miresten ez dugun horrek ez du harenaganako desiorik pizten. Estimuluak zeropean daude; horregatik sortzaileak gaizki egiten du bere burua zigortzen, akatsa sistemikoa denean.

Beste arrazoia gure herriaren egoera subordinatua da, espainola erreferente bilakatzen duena, Iparraldean frantsesa bezala. Arazo kulturalak politikoak dira beti, kulturak nortasun bereizi bat hedatzeko balio duen neurrian. Indar politikoak kulturari indarra emango dio, errepresentazio ahalmena eta haren zerbitzuko promozio kanal erraldoiak. Hori ez da euskarari gertatzen zaiona, baina horregatik ez du sortzaileak bere burua gutxietsi behar, handietsi baizik: zail zegoen eremuan atera baitu lore eder bat, edo ehunka lore, milaka begi eta belarri gozatuz.

Baina azken mugara iritsita, amodio pixka bat aski izango da sortzailea salbatzeko, irribarre bat isiotzeko haren aurpegian, hain gauza xumea, eta oraindik ez dakiguna: amodioa adierazten jakitea!