Badaude bi kontu kezkatuta naukatenak azken aldi honetan: alde batetik, kultur produkzioen balioespen politikoari ematen zaion gehiegizko garrantzia -eta, zeinaren arabera, artelan bat, erabilgarritasun politikoa izateagatik soilik, bikaintzat hartzen baita-, eta, bestetik, jarraipenen, sekuelen eta prekuelen ugaltze kontrolaezina.

Lehenengo arazoak arduratzen nau, zuzentasun politikoan bat etortzeak aurkezten dituen oztopo gaindiezinengatik ez ezik, horrek ez digulako askorik esaten obraren berezko kalitateari buruz: Jessa Crispin kritikariak duela gutxi adierazi duen bezala, “tematzen bazara film bat inportantea dela aldarrikatzen, ez diozu zertan aurre egin ona edo txarra den ebazteko auziari”.

Bigarrenak, jarraipenen eta abarren izurritearenak, imajinazio garaikidearen kemenari buruz seinale txarrak bidaltzen dituelako, eta arau honetan sinesten dudalako, oro har: afari birberotu batek goi mailako sukaldaritza bihurtzeko aukera gutxi izaten dituela.

Bi izurrite horiek ez daude halabeharrez konektatuta. Baina ikusi nuenean Alan Moore eta Dave Gibbonsen Watchmen komikiaren klasikoaren (DC, 1986-87) telesail bertsioa atera zutela, eta sare sozialetan hari egindako gorazarre politikoak biderkatzen hasten zirela, gogogabetasun handi batek hartu ninduen. Alde batetik, Watchmen-ek izan zuelako jada, 2009an, bertsio zinematografiko guztiz alferrikako bat. Eta, bestetik, ondo frogatuta zegoelako, jatorrizkoan, lanaren karga politiko zirikatzailea -superheroien generoaren tropoen iraulketaren bitartez, hain zuzen-, nahiz eta horrek ez zuen ziurtatzen produktu berriaren (Damon Lindelofek 2019an HBOrentzat egindako telesail adaptazioaren) bikaintasun artistikoa bermatuko zuenik, halabeharrez. Ikusten saiatuko ez nintzela erabaki nuen.

Baina, azkenean -haragia ahula da-, ikusten hasi, eta sorpresa galanta hartu nuen. Arrapaladan irentsi nituen bederatzi atalak. Telesailak egiten duelako operazio bat ez dena ohikoa sekuelen mundu oro har errepikakorrean: istorio guztiz berri bat sortu, unibertso berdinetik abiatuta bada ere. Kasu honetan, jatorrizko istorioa gertatzen den unetik hogeita hamabost urtera, beste leku batean, beste giro batean gerta zitekeena asmatuz. Pertsonai zaharretako -zahartuetako- batzuk berrerabiliz, baina, batez ere, berriak sortuz.

Eta, gainera, jatorrizkoak zeukan karga politikoa atzera irauliz: justiziazale maskaratuen arazoak, eta, ondorioz, gizarte garaikideetako hiperzaintzarenak hor jarraitzen du, baina koska bat estuago, eta, gainera, komikiko superpotentzien arteko elkarrekiko suntsipenaren inguruko arriskuaren beldur otxenteroaren ordez, AEBtako egiturazko arrazakeriarena kokatzen da telesaileko istorioaren lehen planoan, feminismoarenarekin batera.

Baina ez da karga politiko eguneratu hori telesaila ohiko telebistarako produktuen mailatik gora igotzen duen elementu nagusia: Lindelofen telesailak egitura apurtu eta adimentsu bat eransten dio istorioari, flashback abilak, jolas metafikzional zukutsuak eta geruza anizkuneko irakurketa-aukerak eskainiz. Hots, jatorrizko lanaren oinarritik abiatuz, lan original eta artistikoki esanguratsu bat lortuz. Hura ikusi ondoren komikira itzultzeko beharra sentitu nuen, eta aurreko irakurketetan bezainbeste disfrutatu nuen harekin. Eta hori da, akaso, edozein produkturen “jarraipen” batez kontatu daitekeen gauzarik onena.