Ibrahima Balde gazte ginearraren bizitza jasotzen duen liburu berezi eta hainbat arrazoigatik bakana da Miñan. Baldek berak ahoz kontatutako biziibilbidea idatziz jasotzeaz eta atontzeaz Amets Arzallus Antia arduratu da, eta bien sinadurarekin eman du argitara Susak. Irungo Harrera Sarean egin zuten topo biek eta han sortutako harremanaren fruitua da obra.
Ibrahima du lehen pertsonako kontalari liburuak, eta haurtzarotik hasita Europara iritsi arteko bizitzaren testigantza eskaintzen dio irakurleari. Gaztearen patua sustraitik baldintzatu zuen gertaera batek markatzen du liburuaren norabidea ere: anaia gaztea, Ginea utzita, Libian zegoelako berriak. Haren bila abiatu baitzen Ibrahima, bidean hainbat herrialde eta beste hainbeste infernu zeharkatuz. Baina migrazio baten kontakizuna bezainbat da maitasun handi baten testigantza liburua: anaia gaztearekiko eta amarekiko maitasunak markatutako bizitza baten narrazioa.
Gineatik Europarako bidean, protagonistak mugak pasatzen dituen bezala, liburuak beste muga batzuk zeharkatu eta haiez pentsatzeko abagunea ere ematen du. Egiletasunaren mugez, esaterako. Autore izatearen inguruko ideia klasikoak zalantzan jartzen zaizkigu Arzallus eta Balderen sinadurak azalean ikusitakoan. “Norena da testua?” galde dezake batek, eta Ibrahima Baldek “ahoz” idatzia eta Amets Arzallusek “eskuz” idatzia dela erantzuten digu liburuak.
Ez zait modu hoberik bururatzen halako desoreka ekonomiko eta kultural bati aurre egiteko, migratzaile baten istorioa haren ahotsaz apropiatu gabe emateko, eta aldi berean hari ahotsa kondeszendentziaz “ematea” saihesteko. Ahozkoaren eta idatziaren arteko mugez ere pentsarazten du liburuak, edo zehatzago esanda, muga horien lausotzeaz, testu idatzia izanagatik, Balderen mintzoa entzun egiten baita liburuan. Eta liburuak galdearazten digu literatura eta testigantzaren arteko mugaz ere. Lekukotasun bat da Miñan, baina hizpide duen gogortasun eta basakeria guztiaren erdian badu testuak edertasun arraro bat, narratzailearen ahotsari zor diona, mundua ikusi eta izendatzeko Ibrahimak duen modu pertsonalari (zenbakiekiko ardura hori, zenbait espresio, ulertezina izendatzeko modu propioak).
Gizatasunaren mugez eginarazten digu gogoeta liburuak orobat. Izendaezina izendatzera iristen da inoiz Ibrahima, lehen pertsonatik hirugarrenera jauzi egiten duenean (“gizon hau laster hilko da”). Giza-trafikoa, esklabotza garaikidea, migratzaileen naufragioak eta albistegietan zenbakitan baino jasotzen ez diren gizonemakumeen sufrimendu eta injustizia batzuk izen-abizenez, lehen pertsonan eta migratzaile edo errefuxiatuez ditugun arketipoetan kabitzen ez den pertsona baten ahotik bizitzeko pribilegioa ematen dio testuak irakurle euskaldunari. Eta liburuak ematen du zer pentsatua ere narratzailearen eta irakurleon arteko muga edo are amildegiari buruz ere. Irakurleok bihurtzen gara-eta narratzaileak bigarren pertsonan interpelatzen duen solaskide mutua.
Liburu gutxik bezala hunkitu nau kontakizun honek, eta akaso horregatik sortu zait Miñan gomendatzeko, oparitzeko, irakurtzera derrigortzeko gogoa, protagonistaren istorioak entzuna izateko dituen mugak arintzen laguntzekoa.