Wuhaneko sukarrak harrapatu ditu, bestela ez dago hori irensterik. Alde batetik sukar burmuin-suntsitzaile batek eraman ditu alderdi urdina eta alderdi berdea udaletan euskara erabiltzearen aldeko dekretuari helegitea jartzera. Pena ematen didate, erruki naiz, euren piper gorri eta saltsak ez dielako haratago ikusten uzten. Ez dute hizkuntza eta kulturen aberastasunik ikusten, dena eraso bezala jasotzen dute, eta ez dira sekula kobazulotik aterako, sinpletasunak kanporako atea ixten dielako. Hipodromoan bizi-tza galduko duten zaldiak dira, soilik aurrera begiratzeko begietako hori jarrita daukaten horiek, eta ez dute inoiz ulertuko zalditegitik kanpo badirela zaldi aske askoak, nahi dutenean egiten dugula lasterka, nahi dugunean gelditu, eta gogoak ematen digun hizkuntzan adierazten garela. Baita dagokien udaletan ere, erkidegoan behintzat. Egon daitezela lasai gainera, gaztelaniaz denek ulertuko dituzte eta.

Bestetik sukarrak bigarren fase bat ere badu. Espainiako zenbait lurraldetan lehen aipatutako bi alderdi horiek, eta alderdi laranjaren laguntzaz, gurasoen beto eskubidea jarri nahi baitute martxan. Alegia, aukera eman nahi diete gurasoei euren seme-alabak hezkuntzaren zein aspektu jaso eta zein ez, gustatzen ez zaizkien ideia aurrerakoi horietatik urrundu, finean. Sukar ultrababesle honen defendatzaileak ez dute nahi beren txikitxoek berdintasunaz, kolektibo desberdinen eskubideez, kolore anitzen nahasketaz eta abar entzuterik nahi.

Kasu, beste zenbait egoeren berri izateak beti aliena dezake eta gure etxeko altxorra, eta agian pentsatuko du erabat arrunta dela beste pertsona bat maitatzea, sexua, kolorea edo preferentzia sexuala kontuan hartu gabe. Kobazulotan ederki bizi ginela aipatu dizuet lehen ere, ez da hala?

Arazoa okerragoa da bere sakonean ordea, izan baldin badaiteke, gurasoen esku uzten baitu erabakitze hori, à la carte. Hasieran jardunaldi edo saio batzuetara ez joatea izango da, ideia aurrerakoi parekide horiekin ez kutsatzeko, baina segituan bihurtuko da irakasle horrek ez dakit zer ideia inokulatzen dizkiela ikasleei, edo liburu horiek eboluzioaren teoria azaltzen dutela eta ez amabirjina eta usoaren istorioa. Liburuak, eta dozenteak berak betatzen hasiko dira eta baten bati utziz gero agian erreko lituzke zenbait liburu herriko plazan

Iruñeko Udalan ere sukarrak harrapatu ditu nonbait, eta betoa ezker eta eskuin darabilte, tira, bereziki eskuin, Wuhaneko birusa bezala kutsatzen baita tolerantzia, eta bestelako errealitateak ezagutzeak tenperatura igotzen die nonbait. Kontuz, hau guztia delirio itxura hartzen ari baita dezimaz dezima, eta uste baina kutsakorragoa izan daiteke.