Ironiaren, umorearen eta zentzugabekeriaren berri fin eta sarri eman duen Karlos Linazasoro (Tolosa, 1962) gaizkiaren gaineko hausnarketa literarioan murgildu da oraingo honetan. Existentziaren krudelkeriak, gizakiak edota patuak edo batek daki zerk sortu gaizkiak eragindako erailketak, bortxaketak, intzestuak, pedofilia kasuak, mendekuak etab. dakazrkigu tolosarrak ipuin-poema bilduma gordin honetan. Bitxia bada ere, Hik ez dakik zer den beldurra narrazio laburren argitalpenean zenbait poeten poemak euskaratu ditu, eta ez nolanahikoak: Ezra Pound, Wallace Stevens, Ted Hughes, Czeslaw Mislosz... nire kuttunenak bakarrik aipatzearren.

Gaiaren aldetik orain arte nagusiki jorratu bideetatik aldendu den gisara, formari dagokionez ere uztarketa ezohikoa landu du, ez ohizko puntuazioa eta sintaxi molde berritzaileak taxuz erabiliz. Prosa poetikoaren gorentasunak liburuaren generoen arteko egitura zalantzagarria estaliko du nolabait. Izan ere, ene aburuz, ipuinek eurek bazuten nahikoa indarrik eta kalitaterik, aitzitik, beren egile zehatzak aipatu gabe poemak tartekatzeak presentzia kentzen die narrazioei. Norbaitek argudia lezake elementu autonomo gisa irakur daitezkeela baina nago edozein uztarketak ez duela berdin funtzionatzen. Edonola ere, aipatu egilearen prosa gailentzen denean (“... denborak dena aldatzen du, kaligrafia gordetzen dizu goroldio artean, argi-zirriborroak, haragia, azken kukua”) narrazio laburrek goia jotzen dute. Esaterako, ezin hobeto ehundutako Suteak garaitu zuenekoa baserri mundu itogarrian girotu ipuin gogoangarrian. Narrazio horren gai-ildoari jarraiki idatziak dira beste zenbait ipuin ere: baserri isolatuak, familien arteko borrokak, bizitza itogarriak... Linazasororen hipotesia honako hau da: liburuan aipatu Akinoko Tomasen iritziaren ifrentzura, gaizkia nonbait izatekotan gure barnean dago, zapaldua izan denak arrazoi gehiagoz hedatu lezake gaizkia bera.

Mantra baten gisara errepikatzen da liburu guztian zehar Hik ez dakik zer den beldurra letania. Berriki tragedia jasangaitz bat sufritu duen iruzkingile honi gogorrak baino gogorragoak egin zaizkio zenbait istorio, hortaz, liburuak bere funtzioa bete du.

Agian liburuak daukan punturik ahulena zenbait istorioren garapena erraz aurreikusi daitekeela izan daiteke, gaizkiaren gaineko hausnarketa horrek estereotipoetara jotzeko arriskua ondorioztatzen baitu, tremendismo hutsal batean erortzeko joera. Horregatik gustatu zaizkit bereziki narrazio errealistenak eta sinesgarrienak. Bakarrik utzi nauzu eta Hemendik ez da zozorik ipuinetan zirujau baten trebeziaz kontatzen baititu gure gatazkaren alderdirik krudelenak eta jasangaitzenak. Bakardadean bizi den biktimaren emazteari barkamena eskatzeak ez du inondik inora ulergarriago egingo etakide baten patu ulergaitza, beren nagusiek bakarrik utzita kartzelan dagoen torturatzaile psikopata eta natura-zale baten berri ematen zaigu, amore eman gabe. Apika ez da Linazasoren libururik borobilena, zenbait narrazioen arteko errepikapenerako joera tarteko, baina argiro erakusten du harentzat gai eta formaren mugak hitzenak bezain hutsalak direla.