Zortzi ahots emakumezkoren antologia poetikoa, hara Balea Zuriak proposatu digun irakurgaia arratsalde hits, luzeetarako. Amaia Lasa, Itxaro Borda, Tere Irastorza, Amaia Iturbide, Miren Agur Meabe, Aintzane Galardi, Castillo Suarez eta Leire Bilbao. Euren lanari errepasoa eta bakoitzaren poema argitaragabeak ere bai. Izaskun Graciak hitzaurrean argitzen digu proposamen bat dela, iradokiz izan zitezkeela beste batzuk, izan zitezkeela gutxiago, gehiago: "Zortzi emakume. Zortzi ahots, estilo, ikuspuntu. Mundua ikusteko eta barruan daramagun guztia disekzionatzeko zortzi era". Balea Zuriaren ekimenari esker, memoria egin dugu apur bat, etorkizunerako tendentziak ikusi ditugu. Interesgarria begitandu zait ariketa, eta poema argitaragabeek ematen dioten freskura.

Gaur egungo euskal poesiaren "kaleidoskopio" antzeko hau ireki du Amaia Lasaren zatiak (Getaria, 1948), beren bikotekideen eskuetan bizitza galdu duten emakumeei eskainitako poema argitaragabe eder bat dakarrena. Lasak badaki egiten erromantikoa gaurko eta pedantea liriko, eta berriro bere ahotsarekin topo egitea izan da antologia honek utzi didan aho zapore gozoetako bat. Bigarrena da Itxaro Borda (Baiona, 1959), eta Krokodil bat daukat bihotzaren ordez (Susa, 1985) urrun baina aktualaren bideetatik eroan nau berriro, bere imajinariora, grebetara, Urdaibaira, klasikoen kostaldeetara: "Maite dugu nehork baimentzen/ Ez digun askatasun betegarri hori,/ Tren batetik bestera/ Eta gauez gau/ Bortxari irabazia€".

Tere Irastotzak (Zaldibia, 1961) katebegi bera ordezkatzen du, gazte hasi eta eutsi dietenena: "Inor ez dago / irakurtzera behartuta/ eta behin esandakoa berriz altzora bildu nahi izatera". Amaia Iturbiderekin (Bilbo, 1961) elkar banatzen du Terek garaia, baina ez emaitza. Iturbide irregularragoa da, narratibara egiten du, gehiago dira gogoetak, pasarteak, eite arean atzemanezinak: "Horrela geometria isolatu eta errepikatu horiei/ giza begitartea jarri ahal diegu./ Bidenabar sistema baten gisara ikus ditzakegu/ ideia baten partaide baitira".

Mire Agur Meabe (Lekeitio, 1962) iradokitzaile dator bere poema argitaragabeetan, eboluzioa ikus dakioke poemarik poema. Sinbolismotik errealismora, baina galdu barik lirismoa eta gauzak eder esatearen dohaina, suabe-suabe uzten du trantsizioa egina Aintzane Galardiganaino (Oiartzun, 1969). Galardik zaporeei, koloreei, errealitatearen ameskeriei idazten die, lurrari eta gorputzari loturiko poemetan: "Haizea alde dudan aldiro/ urrunera abiatzen den/ emakume hegoduna naiz/ basamortu urdineko nomada". Eta horrela iritsiko gara Castillo Suarezen poemetara (Altsasu, 1976), zeinari buruz esana dugun lehenago ere poemarik onenak irakurtzen ari gatzaizkiola azkenaldian, sendoak, delikatuak, egiazkoak. Esana dugu pema luzeetan erritmoaren bilaketa eta laburretan birfinketa, dena agerian daukan idazketa darabilela Altsasukoak: "Badakit zeintzuk diren arrastoak uzten dizkidaten gauzak./ Batzuetan esan gabeko hitzak dira./ Besteetan telefono deiak desorduetan./ Elurteak./ Zauriak seinalatzen dizkidatenak".

Amaieran Leire Bilbao dago (Ondarroa, 1978), liburu honetako omega, beste alfa batzuen hastapena: "Zaharberritu behar den/ hizkuntza honen/ barruan bizi naiz./ Hau da bizi nauen etxea".