Toulouse-Lautrec
John Huston-ek zuzendutako MoulinRouge filma ikusi nuenetik barruan erruki moduko batez iltzatuta geratu zitzaidan margolari elbarriaren figura, denek iseka krudelak egiten zizkiotena, emakumeek batez ere. Zenbat erdeinu, gutxiespen, zenbat konplexu eta zenbat alkohol! Etxe onekoa izanik agian helburu jasoetara zuzendua zegoen haren patua, baina umetan hezurretako gaitz batek ia munstro bihurturik utzi zuen, hanka-motz, bular normal, buru-handi, filmean ongi agertzen denez.
Montmartreko mikro-kosmosean, ordea, muga guztiak gainditzea lortu zuen bere margolaritzaren bidez, fisikoki bizitzak eragin zion murrizketaren sublimazio artistiko bat erdietsiz. Geroztik haren izena, sona eta artelanen lilura hazi baino ez dira egin. Azken 30 urtetan lehenbizikoz margolariari eskainiko dio Pariseko Grand Palais aretoak bere espazioa; asteburuko txango batean hara joan nahi duenak bere obrak ikusgai izango ditu 2020ko urtarrila bitartean.
Albisteak gogora ekarri dit aspaldi irakurri nuen istorio bat, Lautrec jaunak Donostia bisitatu zuenekoa eta, ia polizia atzetik zuelarik nola hartu zuen gauean Pariserako lehen trena.
Bere itxura xelebreak susmo guztiak piztu eta terroristatzat hartu zuten, gaur musulmanekin maiz ikusten dugun bezala.
Dario de Regoyos margolariak kontatzen duenez, 1893an iritsi zen Toulouse-Lautrec Donostiara, Iparraldean oporretan zegoela aprobetxatuz, abuztuaren 27an. Regoyosek kaskoa berotu zion Parisen, "La España negra" deitzen zioten kontuarekin, eta hori zer ote zen jakin nahi zuen margolariak. Inork ez zion esplikatu Donostia ez zela, erabat, Espainia. Uda izanik hotelak beteta zeuden, eta antzina Askatasunaren etorbidean zegoen Londres hotelaren aurrean kokaturiko gela bat eman zioten. Egun haietan Espainiako Erregina Donostian zegoen, eta baita gobernua ere; Sagasta presidentea Londres hotelean zegoen, hain zuzen.
Orduan ere egoera politikoa beroa zen, foruak galduak ziren, Gernikako Arbola kanta debekatua, eta "euskaldunek" (hala kontatzen du Regoyosek) manifestazio jendetsu bat antolatu zuten Sagastaren aurka, eta hoteleraino iritsi zen uholdea. Ilundu orduko eraikinaren aurka harrika hasi ziren. Polizia oldartu zitzaien orduan, eta sekulako iskanbilak izan ziren. Tiroak ere bai. Lautrec eta Regoyos, Soriano lagunarekin gelako balkoian zeuden kalera begira. Bala bat haien buru gainetik pasa omen zen. Ziztu ederrean sartu ziren barrura, leihoa itxi eta pertsianak jaitsiz.
Baina abentura ez zen han amaitu. Handik gutxira polizia agente batzuk iritsi ziren ate joka, inspektore bat buru zutela. Manifestazioan ibilitako bazter-nahastaileen bila zebiltzan, eta margolari frantziarraren itxura xelebrea ikusita manifestarien buruzagitzat hartu zuten. "Hau komisaldegira!", agindu zuen inspektoreak, eta besotik heldu ziotenean, bere lagunek aurre egin zieten. Azkenean Gobernadoreari deitu behar izan zioten Toulouse-Lautrec atxilotu ez zezaten. Gau hartan bertan hartu zuen margolariak Pariserako trena, ez lagunei esan gabe: "Jem´enfiche de votre España Negra!". Handik hiru urtera, 1896tik aurrera, Dario de Regoyosek La España negra izeneko margolan saila egiteari ekingo zion.
Harriak, tiroak, polizia etxean margolari errugabea terrorista arriskutsu gisara hartuz: izan ere, inork ez zion esplikatu Lautrec jaunari Donostia, Euskal Herria ez zela, erabat, Espainia.