Legearen eraginkortasunaren eta azken hamar urteetan eman diren aldaketen ebaluazio bat egin baino lehen, interesgarria da Legea nola sortu zen gogoratzea: 1988. urtean Emakunde sortu ondoren, Berdintasun politikek arazo bat aurkitu zuten euren garapenerako: ez zegoen lege inguru sendo bat, ez zegoen indar juridiko lotesle bat orduko Akzio Positiborako Planek jasotzen zutena derrigorrez bete behar zenik agintzen zuenik. Egoera honen aurrean Emakundek ekimen legegile bat abian jartzearen beharra plazaratu zuen, bere barnean zeharkakotasuna kontuan hartuko zuena, eta ikuspegi integrala eta izaera eraldatzailea izango zuena. Legea egiteko prozesuak, gainera, parte hartzailea izan behar zuen, eta hala izan zen, bere elaborazioan parte hartu baitzuten emakumeen elkarteek, Jaurlari-tzako sail ezberdinek, foru eta tokiko administrazioek eta Legebiltzarreko talde politikoek. Guztien elkarlanarekin 2005. urteko otsailaren 18an Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Legea onartu zen. Era honetara, erreferente bihurtu zen gure herria, izan ere, Estatu mailako Berdintasun Legea bera baino bi urte lehenago onartu baitzen.

Hamar urte igaro dira ordutik eta urteurrenek lorpenak zenbatzeko balio izaten dute, baita kasu honetan ere, ezin baita ukatu hamar urte hauetan aurrerapauso handiak lortu direla berdintasunaren bidean. Hala ere, ezinezkoa da urrats garrantzitsu horiek agertzea aldi berean azpimarratu gabe berdintasunean oinarritutako gizarte baterako bidean geratzen zaizkigun pausoak asko eta handiak direla. Eta seinalatu gabe baita ere, zeintzuk diren berdintasunak bere bidean aurki-tzen dituen oztopo nagusienak.

Lorpenei dagokienez, hamar urte hauetako ibilbidean, aipagarria da legearen bitartez sortu diren berdintasunerako tresnak eta egiturak, aurrerapen handia eman da alor honetan, gure herriko berdintasunaren politiken bizkar hezurra osatuz doa. Eta honekin batera, ugaldu egin dira berdintasunaren auzia berea egin duten pertsona, entitate, elkarte, enpresa eta erakundeak. Eman diren aurrerapausoak hauen guztien konpromisoari esker eman dira hein handi batean, eta horien guztien ahalegina aitortzea beharrezkoa da.

Berdintasuna lortzea ez da lan erraza. Haziko bada, lurralde egoki bat behar du berdintasunak, eta lurralde berri hori eraikitzeko, gizartean eraldaketa iraunkorrak egiteko, denbora behar da, izan ere, balio berriak barneratzea eta ikasitako gauza asko alde batera uztea suposatzen baitu. Kontuan izan behar dugu aurreko hiru belaunaldiren lana behar izan zela, adibidez, 1933. urtean emakumeek Estatuan bozkatu ahal izateko. Beraz, berdintasunean egindako lanaren emaitzak ezin dira beti goizetik egunera ikusi. Hala ere, azken hamar urte hauetan ikusi ditugu aldaketa nabarmenak. Esaterako, emakumeak era orekatuan daude ordezkatuak gaur Eusko Jaurlaritzan, foru aldundietan, eta gero eta gehiago udal gobernuetan; Legebiltzarreko irudia guztiz aldatu da, Legeak emandako bultzadaz eremu honetan emakume eta gizonen arteko oreka lortu baita. Beste lorpen bat Gobernua, aldundiak eta udalak era koordinatuan lan egiteko tresnak sortzea izan da. Esan genezake, gainera, gure lurraldeko ezaugarri berezi bat dela hori, izan ere, Estatu mailan Arrazionalizazio Legearen ostetik udalek berdintasunean lan egin beharreko ardura edo konpetentzia galdu baitute.

Eta aurrera pausoak ez dira esparru publikora bakarrik mugatu, pribatuan ere eman dira aldaketak. Gero eta enpresa gehiago ari dira berdintasun planak lantzen, hiritarrek gero eta gehiago erreakzionatzen dute eta mobilizatzen dira egoera sexisten aurrean, gero eta gutxiago isiltzen dira emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean... Legeak jasotako erronka guztiak bere osotasunean betetzeko asko falta da oraindik, baina Legea bera izateak jada jartzen gaitu denok ipar berberera begira.

Hala ere, eta aurrera pausoen balioa ahaztu gabe, ezin dugu ukatu gure gizartea eta gure munduaren gaur egungo egoerak eta indarrean daukagun eredu sozio-ekonomikoak ez duela batere laguntzen berdintasunaren helburua lortzen. Berdintasunak, haziko bada, lurralde egoki bat behar dela aipatu dut, eta egungo eredu sozio-ekonomikoa ez dator bat berdintasunak behar dituen baldintzekin, ez dator bat gaur hamar urte betetzen duen Legeak aipatzen dituen helburu askorekin. Munduko aberastasuna gero eta pertsona gutxiagoren eskuetan egoteak badu bere eragin zuzena emakumeen egoeran, izan ere, emakumeak baitira pobreziaren eta baliabide ekonomikoen gabeziaren biktima nagusiak. Eredu hau kontrajarria da pertsonen arteko berdintasun printzipioarekin, kontrajarria emakume eta gizonen arteko berdintasunak behar dituen baldintzekin.

Egoera honen kontrapuntuan feministen eta hainbat emakume eta gizon, elkarte eta erakundeen lana dago. Gu guztion iparrean gizarte hobe baten irudia dago, non gure neska eta mutilek eskubide berberak izango dituzten, errespetuaz tratatuak izango diren, emakume eta gizonek lan merkatuan aukera berberak izango duten, edo zaintza lanetan eta etxeko arduretan emakume eta gizonen arteko erantzukizuna egongo den, besteak beste.

Azken hamar urteetan Legeari esker eta erakunde, elkarte, entitate eta pertsona askoren lanari esker, gizarte honek pauso sendoak eman ditu berdintasunerantz: pausuak nabariak izan dira genero ikuspegia txerta-tzeko orduan osasun, hezkuntza, ekonomia, enplegu, kultura, zerbitzu sozialak, segurtasuna, hirigintza eta gure bizitzan eragina duten beste ermu batzuetan.

Gure herrian ondo ezagutzen dugu zein den auzolana hitzaren esanahia. Helburu konkretu bat lortzeko herritar guztien inplikazioaz eta laguntzaz burutzen den lana da. Berdintasunak ere auzolana behar du. Bakoitzak bere esku dagoen guztia eginez, auzolanak suposatzen duen antzinako ondarean oinarrituta, gizarte honek errazago izango du berdintasunak behar duen lurralde egokia eraikitzea.

Nik, nire aldetik, Berdintasunerako Legearen urtemuga hau aprobetxatu nahi dut egunero berdintasunaren alde lan egiten duten guztien lana eskertzeko eta indar berriak hartu ditzagun eskatzeko. Dugun lana ez da erraza. Egungo gizarte ereduak ez digu laguntzen, baina bakoitzak bere eragin-eremuan lanean jarraitu behar du. Horregatik behar dugu indar metaketa. Elkarrekin lan eginez bakarrik erein ahal izango baitugu berdintasunaren hazia bizitzea egokitu zaigun lurralde honetan.