Azken txanpan sartu gara
eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak Zubietako Hondakinen Kudeaketarako Zentroari eman dion ingurumeneko baimen bateratuari esker, Gipuzkoako hiri hondakinak modu bateratuan kudea-tzeko sistema berria gauzatze aldera funtsezkoa izango den instalazioarekin burutuko den fase erabakigarria hasi da. Hemendik aurrera azken txanpan sartuko gara, hondakinak biltzeko zabortegien sistema behin betiko alboratzeko eta hondakinak birziklatzeak nahiz duen balio intrintsekoa berreskuratzea sustatzeko. Hori lortzeko, konpostatzea erabiliko da eta bestelako tratamenduentzat egokiak ez diren hondakinen energiaren aprobetxamendua egingo da Zubietako azken belaunaldiko plantan.
2007ko maiatzean mankomunitateek, udalek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoa eratu zutenean eta, hala, HHSentzako (hiri hondakin solidoentzako) azpiegitura eredu bakarraren kudeatzaile bilakatu zenean, gure lurraldearen hondakinen kudeaketan aro berri bat zabaldu zen, gaur egun, zalantzarik gabe, munduko eredu aurreratuenetakoa denaren bidez. Eredua abiarazteak ingurunea babesten eta Gipuzkoako herritarren bizi maila hobetzen lagunduko du.
Gure lurraldean hondakinen problematikari irtenbidea bilatzeko moduari buruzko ikuspegi globaletik datorren konponbide bateratua da. Gaur eguneko ikuspegiarekin bat dator, ingurunea babesteko jasangarriak eta eraginkorrak izango diren neurriak eta daukagun eta beti hobetu nahi dugun bizi mailari eutsiko dioten neurriak hartzeko beharra baitago.
Eredu hau erakundeen babes sendoarekin sortu da, Partzuergoaren partaide guztien elkarlanaren emaitza izan da eta, eskuragarri dauden teknologia egokienak dituen eredu aurreratuaren bidez, gure lurraldeko biztanle guztien behar bati erantzutea du xede.
Aurreikusitako azpiegitura guztiek azken belaunaldiko teknologia erabiliko dute eta, horri esker, gaur egun ahal den tratamendurik egokiena izango dute hiri hondakinek. Birziklapen portzentaje handiak lortuko dira, konpostatzean egun lor daitezken emaitza onenak izango dira eta energi balorizazioa ingurumenari ahalik eta kalte txikiena eginez egingo da, aurki eraikitzen hasiko den Zubietako plantaren instalazio modernoei esker.
Zubietan eraikiko den Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketarako Zentroa, % 100ean titulartasun publikoa duena, bi instalazio nagusik osatuko dute: aurretratamendu biologiko mekanikorako planta edo biolehortze planta, eta energi balorizazio planta.
Aurretratamendu biologiko mekanikorako plantak edo biolehortze plantak, energi balorizazio plantaren buruan egongo dena, hondakin frakzioaren hezetasuna kentzea eta hondakinen balorizazioa maximizatzeko prestatzea du helburu.
Energi balorizazio plantan, azken belaunaldiko errausketa prozesu baten bidez, aurretratamendu plantan tratatutako hondakinak, birziklatze plantetan baztertutakoak eta % 90ean materia lehorra duten araztegietako lohiak tratatuko dira. Konbustio energiaren aprobetxamendua elektrizitate bihurtzean datza (30 megawatt).
Balorizazio plantak bi errausketa lerro oso izango ditu. Lerro bakoi-tzak elementu hauek izango ditu: lurruna ekoizten duen eta 850 ºC-tik gorako tenperaturan lan egingo duen labe-galdara; partikulei eusteko filtrorik modernoenak izango dituen gasa arazteko saila; eta tratamendu murriztaile katalitiko sistema bat, konposatu kaltegarriak isurtzea saihestuko duena.
Instalazioak eratuko dituen errautsak hondakin arrisku-tsuentzako zabortegi batean tratatuko dira (Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketarako Zentroan tratatutako hondakinen % 1) eta, ondoren, erraustegiko zepak balorizatzeko planta eraikiko da. GHKZ-k urak eta efluenteak tratatzeko instalazio osoa ere izango du; hala, prozesuan tratatu eta berriro erabili ahal izango dira, ahalik eta ur gutxien erabiliko dela bermatzeko. Ahal den instalazio guztietan ur zirkuitu itxiak erabiliko dira, instalazioan ur balantze egokia izateko xedez. GHKZ-k Isurketarako Baimena du.
Finean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumeneko Baimen Bateratua eskuratu ondoren, Zubietako Hondakinen Kudeaketarako Zentroa eraikitzeko lanak abiatzen direnean, Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketarako Plan Bateratuan aurreikusitako azpiegitura sarea sortzeko azken etapari ekingo zaio. Horrenbestez, isurketaren aroa, zabortegiena, amaituko da eta Europar Batasuneko legeen kudeaketa irizpideekin bat datorren hondakinen tratamendu modernoaren aroa hasiko da: hondakinak murriztu, birziklatu eta hondakin frakzioak duen energia balorizazioaren bidez berreskuratu.