Errusiaren fronte guztietako erasoaldiei aurre egin eta lurralde gehiago ez galtzeko, gotortzea erabaki du Ukrainako armadak, . “Garraio Berezien Estatuko Zerbitzuko unitateak gotorlekuak eraikitzen ari dira”, jakinarazi du Ukrainako Estatu Nagusiak zehaztapen gehiago eman gabe.

Orain arte, Ukrainak ez zuen horrelako taktikarik erabili, ekainaren 4an hasitako kontraerasoarekin lurralde eremu handiak desokupatzea espero zuelako, gaur egun, ordea, ez da aurrerabiderik antzematen.

Estatu Nagusiaren oharrarekin batera banatutako argazkietan, lur azpian zulatutako eta enborrez eta hormigoiz indartutako egituren hainbat irudi ikus daitezke. Azken asteotan tropak jarrera defentsiboan dabiltzanez, Volodímir Zelenski Ukrainako presidenteak gotorlekuak eraikitzeko agindua eman du, etsaiak urriaren hasieran hasitako erasoaldiaren aurrerapenei eutsi ahal izateko.

Eraikuntza gotortu horiek Errusiak 2022ko bigarren erdian atzera egitea erabaki zuenean altxatutakoen oso antzekoak dira, batik bat Krimeako penintsula anexionatura eramaten duen hegoaldeko frontekoak.

Surovikin Lerroa izenez da ezagun, errusiar jeneral horrek agindu zuelako hura eraikitzea; ondoren jenerala galbidean erori zen, ordea, ustez Wagner Taldeko buru zen Yevgueni Bilozhinen matxinada armatuaren alde egiteagatik.

Hain zuzen ere, hainbat mailatako defentsa-lerro korapilatsu horiek eta, bereziki, lehergailuz jositako eremuak izan dira hegoaldeko Zaporiyia eskualdean ukrainarrek lortutako etekin eskasaren arrazoi nagusiak, lehen egun haietan Kievek gizon eta baliabide asko galdu baitzituen euren brigada mekanizatuen aurrerabidean. Estatu Batuetako prentsak Kievi leporatu ere egin zion, kontraerasoa apiriletik ekainera atzeratuta errusiarrek denbora irabaziko zutela beraien posizioak indartzeko.

Zelenskik Armada kritikatu

Urtea agurtzeko prentsaurrekoan, Karkiveko ipar-ekialdeko eskualdean eraikita dauden gotorlekuak hizpide izan zituen asteartean Zelenskik, bere esanetan gainerako eskualdeentzako eredu izan beharko luketelako.” Horiek hor ikusten ditudanean, eta ez beste eskualde batzuetan, galdera zehatza egiten diet gure buruzagi militarrei: nahikoa al dira? Eta, orduan, zergatik da ahulagoa babesa, Kharkoven baino?”, salatu zuen.

Mugako eskualde horretan, tokiko administrazioaren, Armadaren eta enpresa publiko eta pribatuen arteko lankidetza goraipatu zuen Zelenskik, Errusiako armadak tropa ugari mobilizatu dituelako eremu horretan Kupiansk gotorlekuaren kontrola berreskuratzeko ahaleginean. Inkesten arabera herritarren b abes handia duen Valeri Zaluzhni Indar Armatuen buruzagiarekin ez dator bat presidentea, eta aurreikuspen faltagatik ere kritikatu dute.

Estatu Nagusiak ez zuen zehaztu Avdivka gotorlekua gotortzeko asmorik ba ote duen, errusiarrek ia hiru hilabete baitaramatzate gotorleku hori inguratu nahian, oraindik setiopean ez badago ere.

Atzoko gerra-albisteetan, azken 24 orduetan etsaien 36 erasori aurre egin diotela aipatu zuten, errusiarrek hiriaren inguruko setioa are gehiago estutu dutela nabarmenduz.

Soldadu errusiarrek Avdivkarantz oso gutxi aurreratu dutela onartu du Gerra Ikerketari buruzko Institutuak bere txostenean. Ukrainako jeneralen arabera, 25.000 soldadu errusiar omen daude fronteko eremu horretan, Moskuk azken bi hilabeteetan izandako baja guztien % 80 bertan pairatu dituelarik.