Harridura sortu du hainbat euskaldunengan Repsol enpresako zuzendari orokorra Amerikako Estatu Batuetako presidenteak deitutako petrolio-enpresen bileran egoteak. Repsolen jabegoaren %33 estatubatuarren esku dago, Erresuma Batuko (%24), frantziar estatuko (%12), Alemaniako (%5) eta espainiar Estatuko (%5) akziodunen aurretik. Beste batzuengan, berriz, harridura zuzendari orokor horrek AEBko presidenteari esan zionak sortu du. “Venezuela hobeago bati atea” irekitzearena, alegia, Nicolás Maduro bortizki kargutik kenduta. Bada harrituta dagoena Repsol enpresako zuzendari orokorrak Mexikoko Golkoari “Amerikako Golko” deitu diolako hitzaldi publiko laburrean, AEBko presidenteak jarritako izena erabilita. Repsolek, baina, izen aldaketa hori urrian egin zuen, aurretik Googlek edo Applek bezala. Hogei urte baino gehiago daramatza Repsolek Venezuelako baliabide naturalak ustiatzen (chavismoan, bai), eta Venezuelari gas bidez argindarra ematen. Munduan dituen petrolio-gordin erreserben bigarren poltsa du (%16; lehena, AEBtan) bertan, nahiz eta iaz Trump Venezuelako petrolioari esportazio betoak ezarri. Batzuen aburuz, baina, jabego estatubatuar nagusiko enpresako zuzendari orokorrak hobe zuen bilerara ez joatea. Edo bertan egonda, AEBko presidenteari hamaika eta bi botatzea. Etxe Zuriko bideoa ikusi genuenetik, irakurri ditugunak gehiago esaten dute mezu hauek argitaratu dituztenei buruz, zuzendari orokor hari buruz baino. Eta agian, egungo gizartearen maila politikoaz.