Gezur artean bizi gara eta bizi izan gara. Ez da gauza berria, baina egia da azkenaldian gezurrek protagonismo handiagoa hartu dutela. Zabaltzea errazagoa da eta, akaso, baita sinistea ere. Azken asteotan, albiste agentzia batek bi albiste gezurtatu behar izan ditu. Eta ez da ohikoa. Lehena, idazle ezagun baten heriotzari buruzkoa eta, bigarrena, istripu larri baten ingurukoa. Horietako bat, gainera, X sareko kontu faltsu baten bidez iritsi zen agentziara. Edozein hedabideri gerta dakioke, horretan denok gara oso kalteberak. Izan ere, gaur egun, lan egiteko moduak, berri bat argitaratzen lehenak izatearen presioak, ez du laguntzen. Fakultatean irakasten ziguten bezala, hiru iturri baimenduz albisteak baieztatzea ia ezinezkoa da.
Gure kasuan, Berm@tu izeneko atal berri batean jaso ditugu albiste fake horiek. Haiek irakurrita, abenduaren 28an, Inozente egunean, etengabe bizi ez ote garen pentsatu dut. Egun horretan, ohikoa da asmatutako albisteren bat komunikabideetan ikustea, tradizioaren arabera. Niri, adibidez, asko gustatu zitzaidan ETBk 2019an egin zuen antropologia forentsearen eta euskal mitologiaren nahasketa. Hala ere, ikusitakoak ikusita, aurten ohitura aldatu beharko dugu. Hainbeste fake newsen artean zaila izango da txantxak bereiztea eta.