Orioko itsas ondarea jasotzeko eta biltzeko Errioa. Gure nortasuna liburuxka sortu dute.

"Orain bi urte, Mutiozabal eraikina inauguratzera gindoazenean, haren bihotzari buruz ezer gutxi ezagutzen genuela ohartu ginen. Eta aurrera jarraitu beharrean, prozesua gelditzea eta gure arbasoekin dugun harremanean sakontzea erabaki genuen", gogoratu zuen Anuska Esnal alkateak. Era berean, turismo eredu berri bat lantzeko asmoz, Biziberritze Plana prestatzen hasi zen Udala.

Herriaren turismo-eskaintzari esanahia emateko, errelato edo kontakizun bat josteko beharra ikusi zuten, turismoaren oinarrian dagoen harreman-trukean, Orioren izaera eta jatorria behar bezala transmititu ahal izateko. "Oriok rol garrantzitsua izan du nazioartean itsasoari eta itsas teknologiari lotutako gaietan, eta garrantzi-tsua iruditzen zitzaigun itsas ondarea modu atsegin eta irakurterrazean azaltzeko euskarria prestatzea", azaldu zuen Adrian Garcia Orioko turismo teknikariak. Hala, herriko ontziolen eta burdinolen inguruko datuak, herrian egiten ziren barkuen ezaugarriak, errioak herriaren garapen ekonomikoan izan zuen eragina, balea-arrantzaren xehetasunak eta horrek guztiak herriaren izaeran izandako eragina ditu aztergai, besteak beste, liburuxkak.

Elkarlana oinarri hartuta osatu da liburua. Iñigo Exposito arduratu da proiektuaren koordinazioaz eta errelatoa garatzeko, itsas ondarean eta historian adituak diren bost lagunekin bildu dira: Xabier Alberdi Itsas Museoko zuzendariarekin, Xabier Agote Albaola Itsas Faktoriako zuzendariarekin, Iñaki Iturain idazle eta Orioko historian adituarekin, Jesus Mari Perona itsasontzien modelogile artisau oriotarrarekin eta Ibon Gaztañazpi kazetari eta arraunlari ohiarekin. Haiekin izandako elkarrizketen bidez osatu da testuaren bizkarrezurra. Herrio natur taldearen ekarpenak ere jaso dira, industria-sareaz gain, ingurumenaren ikuspegia ere barneratzeko.

Alberdik, bere partetik, lan honen garrantzia azpimarratu zuen. Izan ere, "transmisioaren etenaren atzean arrazoi asko daude, baina nagusiak bi dira: batetik, iragana ezkutatzeko interesa, eta bestetik, iraganari garrantzia kentzeko nahia, herritarrek erreferenterik izan ez dezaten. Dena den, arazoa orokorra da, ez da soilik Orion gertatzen". Kasu honetan, ordea, idatzia geratuko da Orioko itsas ondarea, eta hori "pozgarria" da.

Etxeetara banatu diren liburuxkak euskara hutsean egin dira, eta interesa dutenek, Turismo Bulegoan eta kultur etxean eskura dezakete gaztelaniazko bertsioa. Urtarrilean, bestalde, egindako lana modu sakonagoan aurkeztuko dutela aurreratu dute.