Iritsi da momentua datorren urteari begira jartzeko, eta baita egutegi berriak aukera-tzeko. Zarauzko Udalak urteroko proposamena aurkeztu du oraingoan ere. Herriko hainbat txokotako argazkiekin osatutako egutegia argitaratu du. Tartean dira, esaterako, Torreoiko argazkiak, eskulturen argazkiak, eta herriko hainbat ikuspegitako erretratuak. Gehien errepikatu dena, dudarik gabe, ordea, hondartza edota malekoia izan dira. Xehetasun guztiak jakiteko itxaron egin beharko da.

Hainbat herritar hasi dira dagoeneko gadezka, udal egutegiak noiz eta non jarriko dituzten eskuragarri. Bada, udal egutegien banaketa, lehengo urtean bezala, Zarauzko Turismo Bulegoan egingo da ostegun goizetik aurrera. 9.30etik 13.30era eta 15.30etik 19.00etara irekita izango da. Ostiralean ere ordutegi berbera edukiko du Turismo Bulegoak. Dena den, aurreko urteetako arrakasta ikusita, lehen orduetan guztiak bukatu egingo dira, seguruenik. Horregatik, pertsona kopuru handi batera iristeko asmoz, bakoitzak gehienez hiru egutegi jasotzeko aukera izango du.

Guztira, 5.000 egutegi kaleratuko dituzte. Gehientsuenak paretean jartzekoak izango dira, baina mahai gaineko formatukoak eskainiko dituzte, halakoak nahi izanez gero.

Argazkizale Elkarteko kideen argazkiak dira bertan dauden guztiak. Artista askok hartu dute parte, baina hamalau aukeratu dituzte, hamabi hilabeteak eta bi azaletan jartzeko: Loretxo Portularrume (azala), Joxe Mari Azkargorta (urtarrila), Luis Epelde (otsaila), Alberto Zarobe (martxoa), Arbil Iciar (apirila), Rodolfo Glass (maiatza), Patricia Schaan (ekaina), Iñigo Rico (uztaila), Javier Carballo (abuztua), Ane Ajuria (iraila), Isabel Agirretxe (urria), Jon Atxutegi (azaroa), Unai Aizpurua (abendua) eta Unai Alberdi (kontrazala).

Berrikuntza gisa, Xabier Txurruka alkateak argazkizale elkarteko kideak gonbidatu zituen Santa Klara konbentuan goiz batean argazkiak ateratzera. Orain momentuan dagoen egoeran argazkiak atera ditzaten, ezer egin aurretik.