- Zarauzko lau gaztek hartuko dute parte beraien ikerketa proiektuak aukeztuz bihar ospatuko den Zarautz Zientziaz Blai ekitaldian. Hala nola natura, kirola, itsasoa eta klima aldaketarekin zer ikusia duten proiektuen inguruan jardungo dute. ZarautzOn elkarteak antolatuta, 19.00etan izango da, Modelo aretoan.

Batetik Lore Zumeta matematikaria eta doktoregaia izango da Estatistika, kirola eta lesionatzeko arriskua, zer zerikusi dute? izenburupean aurkeztuko du bere hi-tzaldia. Estatistika batetik eta kirola bestetik, urruneko eta ustez erlaziorik gabeko bi arlo bezala irudikatuko dituzte batzuk. Izango dira bien arteko loturak berehala topa-tzen dituztenak ere. Aurkezpen honen helburua kirolean, eta bereziki kirol-lesioetan, estatistika nola aplikatzen den ezagutaraztea izango da. Horretarako hainbat kasu praktiko aurkeztuko ditu Zumetak.

Bigarren parte-hartzailea Fermin Alvarez, geologoa eta doktoregaia da. Common Era Atlantic Sea Level Change ikerketa proiektuaren parte da, eta horren berri emango du. Azken mendeetan zehar Atlantikoko kostaldean itsas mailaren aldaketa abiapuntu hartuta, datozen urteetako aurreikuspenak azalduko ditu.

Joshua Garcia itsas zoologo eta dibulgatzaile zientifikoak, baleen ehizak Ipar Atlantikoko ekologian eraginik izan ote zuen ikertzen hasi zen Galesen. Lan horren ondorioz jakinmin handia piztu zitzaion hemengo baleen arrantzaren inguruan, historian zehar Zarautzek eta Oriok baleen arrantzarekin izan duen lotura estua kontuan hartuta. Horregatik fenomeno hori ikertzen jarraitzea erabaki zuen. Bere hi-tzaldia Galesen 2017an hasi eta urte hauetan jarraitu duen ikerketatik ikasi eta deskubritu duenari buruzkoa izango da.

Naturaren gaia, Eneko Azkuek landuko du. Ingurumen Hezkuntza eta Kontroleko teknikaria da bera eta kaxa bereziak sortu ditu, sorbeltza deituriko txoriek habiak egin ditzaten bertan. Getariako bost eraikin publikoetan jarri dituzte.

Aurtengo gonbidatu berezia, berriz, Xabi Uribe Sherpa.ai-ren sortzaile eta CEOa da. Ekintzaile, adimen artifizialaren erreferentea, sortzaile eta ekintzaile komunitario bezala definitu dute ZarautzOneko kideek. Mundu mailako bi konpainia sortu ditu, eta etorkizuneko enpresak aurreikusi ditu. Berritzaile gisa, adimen artifizialeko patente bat baina gehiago lortu ditu. Aktibista komunitario gisa, tokian tokiko zein globalak diren hainbat kausei bere talentu eta denbora eskaini ditu.