- Andra Mari Zeruratzea parrokiak eta kanpandorreak osatzen duten Santa Maria la Real Arkeologia eta monumentu multzoaren lurpeko aztarnategia ezagutzeko aukera izango da egun hauetan zehar.

Izan ere, Zarauzko Arte eta Historia Museoak herriko hilerririk zaharrena ezagutzeko bisita bereziak eskainiko ditu gaur, bihar eta etzi Santu Guztien Egunaren inguruan.

Bertaratzen diren herritarrek Zarauzko historian atzera egingo dute. Bertan daude Burdin Aroko aztarnen artean, jaioberri baten hilobia eta Zarauz familiaren hilobia. Azken hauek antzina Zarauzko familiarik garrantzi-tsua izan zena; Dorre Luzea, Kanpandorrea eta Narros Jauregiko jabeak izan zirenak, besteak beste.

Ondorengo egun eta orduetan ospatuko dira bisitak: gaur, 11.00etan gazteleraz, 12.00etan euskaraz, 16.00etan euskaraz eta 17.00etan gazteleraz; eta bihar eta etzi, euskarazko saioarekin hasiko dira 16.00etan eta bigarrenak, gaztelaniaz eskainiko dituzte, 17.00etan.

Bisita bakoitzean gehienez 20 pertsonak hartu ahalko dute parte, beraz, beharrezkoa izango da aurrez izena ematea. Horretarako, info@menosca.com helbide elektronikora mezu bat idatzi beharko da. Bisitaren prezioa bi eurokoa izango da, eta guztiak Zarauzko Arte eta Historia Museotik abiatuko dira. Era berean, kasu guztietan beharrezkoa da musukoa eramatea.

Informazio gehiagorako, aipatutako helbide elektronikora idatzi daiteke, 943 835 281 telefono zenbakira deitu edo museora bertara jo, zabalik egongo da gaur, 10.00etatik 14.00etara eta 16.00etatik 18.00etara eta bihar zein astelehenean, 16.00etatik 18.00etara.